Jostailu baten truke Ezkurdi-Athletic futbol partidua ikusteko aukera dago zapatuan

Joseba Derteano 2016ko abe. 20a, 08:45

Gabonetako txapelketa solidarioan batutako guztia Caritas-i emango diote.

Ezkurdi Kirol Taldeak Gabonetako II. Txapelketa Benefikoa antolatuko du zapatu honetan. 10:00etatik aurrera futbol partidu bi ikusteko aukera egongo da. Lehenengo emakumezkoen konbinatu batek gizonezkoen konbinatu baten aurka jokatu du Tabira futbol zelaian. Ondoren, 12:00etan, emakumeen Ezkurdi taldeak Athletic-en bigarren taldearen kontra neurtuko ditu indarrak.

Partidu horiek ikusteko sarrera ez dute dirutan kobratuko. Horren ordez jostailuak batuko dituzte. Jostailu bat ematea izango da partiduak ikusi ahal izateko baldintza.

Goizean zehar hainbat zozketa egingo dituzte: Athleticeko jokalariek sinatuta kamiseta eta baloia eta Ezkurdiren bufanda, besteak beste. Sari horiek eskuratu ahal izateko errifa euro bat izango da.

Aurten txapelketa benefikoa antolatzen duten bigarren aldia da. Iaz Ezkurdi eta Eibarko lehenengo taldearen arteko partidua antolatu zuten eta, aurten moduan,  batutako jostailuak Caritas-i eman zizkioten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!