‘El Cascanueces’ ballet emanaldia L’Atelier-en eskutik

Aimar Esteban 2016ko abe. 19a, 12:30

L’Atelier Dantza Eskolako taldeko kideek El Cascanueces balletaren emanaldia egingo dute bihar eta etzi, San Agustin Kulturgunean. Ehun bat dantzari igoko dira oholtza gainera ballet ikuskizun hau eszenaratzera. Bi saioak arratsaldeko zazpietan hasiko dira.

Oiane Azkonizagak zuzenduko du ballet obra klasiko hau. Azkonizagak orain dela hamar urte jarri zuen martxan L’Atelier Dantza Eskola, eta maila honetako ikuskizuna aurrera eramaten duten hirugarren aldia izango da. “Gabonetako ikuskizun klasiko hau herriko dantza eskolako ikasleekin egitea ohorea da”, adierazi  du.

Hoffmanen ipuinean oinarritzen den Tchaikovskyren obra honek neba-arrebak ditu protagonista nagusiak. Neskak soldadu forma daukan intxaur-hauskailu bat jasotzen du opari moduan, eta gau berean, jostailu guztiek bizia hartzen dute. “Ikuslea mundu magiko batera eramaten duen obra da”.

L’Atelier dantza eskolako kideak denbora luzez egon dira lanean. “Udatik gabiltza prestatzen, eta esfortzu eta ilusio handia jarri ditugu obra honetan. Merezi izango du San Agustinera hurbiltzea”, dio eskolako zuzendariak. Sarrerak L’Atelier Dantza Eskolan daude salgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!