Zapatilek ez dutelako korrikalaria egiten

Anboto 2016ko abe. 12a, 13:18

Txomin Marañon Laudioko podiumean. (Argazkia: Facebook: Durangaldea Running)

Txomin Marañon korrikalari durangarrari anekdota bitxia gertatu zaio Laudioko krosean. Bere zapatilen faltan, bere oinak baino neurri bi handiagokoak diren beste batzuekin lehiatu behar izan du. Hala ere, 23 urtezko mailako onena izan da eta maila absolutuko bigarrena.

“Horrelako gauzak gertatu egiten dira eta ez da geratzen horietatik ikastea besterik”, azaldu du Txomin Marañon korrikalari durangarrak (Durangaldea Running) atzoko Laudioko krosari buruz sare sozialetan elkarbanatu duen kronikan. Bitxia da gertatu zaiona. Proba hasi aurretxoan arropak gordetzen zituen poltsa desagertu zela ohartu zen. Berearen ordez beste bat zegoen. Hau da, korrikalariren batek deskuiduan okerreko poltsa eraman zuen. Lasterketa hastera zihoan eta beste poltsa horretako zapatilak jantzi zituen, bere oinak baino neurri bi handiagokoak. Hori gutxi ez eta horretan zebilen bitartean epaileek lasterketari hasiera eman zioten Marañonen egoeraren jakitun zeuden arren. Durangarra 15 segundo geroago irten zen. Baina mutil honek hauspoa eta sasoia ditu eta horiek ez dira zapatiletan etortzen. “Itzelezko esprinta egin dut lasterketa burura heltzeko, baina justu heldu naiz eta lasterketa lasai hartzea erabaki dut. Gero erritmoa hartu dut eta apurka atzetik aurrera joan naiz”, gogoratu du. Gertatutako guztiarekin 23 urtez azpiko onena izan zen eta maila absolutuan bigarren amaitu zuen Unai Arroyoren atzetik.

Arbeo eta Villa onenak emakumeetan

Durangaldea Running-eko June Arbeok eta Araitz Villak ere indartsu hasi dute junior mailako kros denboraldia. Joan zen asteko asteburuan lehenengo eta bigarren geratu ziren Usansoloko krosean eta asteburu honetan, Laudion, berriro ere bi onenak izan dira.

 

June Arbeo eta Araitz Villa podiumean (Argazkia: Facebook: Durangaldea Running)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!