51. Durangoko Azoka

Paddy Rekalde: “Utzi kaja bat umearen eskura, eta berak ikusten duen mundu horretan sartuko da”

Joseba Derteano 2016ko abe. 6a, 12:00

Eskolako irakaslea izanda, umeak eta euren mundua eguneroko ogia dira Paddy Rekalderentzat, baina aurten arte haur literatura landu barik zeukan. ‘Kartoizko kaja’ esparru horretan argitaratzen duen bigarren  ipuina (Elkar argitaletxea) du. Biak hile gutxiren barruan etorri dira, eta ez dira bakarrak izango, aurreratu duenez.

Ipuina bideratuta dagoen adin tarteko seme bat duzu. Semea motibazio izan duzu haur literaturan hasteko, ala buruan zenerabilen zerbait zen?
Hiru seme-alaba ditut, eta nagusiena 17 urtekoa da. Orduan, adin fase hori, zortzi-hamar bitartekoa, hainbat aldiz pasatu dut. Gainera, eskola batean lan egiten dut umeekin. Beste alde batetik, beti gustatu izan zait haur literatura. Bigarren mailako literatura ematen du, baina badu bere altxor kutsua.

Baten batek pentsatu dezake haur literatura erraza dela, baina ez da horrela.
Bai, eta neurri batean horixe izan da nik orain arte haur literatura ez idazteko arrazoia. Berria egunkarian haur literaturaren gaineko kritika egiten duen Imanol Mercero laguna dut, eta beti animatu izan nau haur literatura idaztera umeen inguruan nabilelako, esaterako, eskolan umeentzako antzerkiak idatzi izan ditudalako gero eurek antzeztu ditzaten. Beti ibili naiz inguruan, baina sartu barik. Izan ere, helduentzat idazten duzunean helduentzat zabiltza, eta kito. Ez duzu begiratzen gizona edo emakumea den, 30 edo 48 urte dituen… Baina umeen kasuan desberdina da sei urtekoentzat edo hamar urtekoentzat idaztea. Urte gutxiren barruan gauzak asko aldatzen dira euren munduan. Ez hori bakarrik. Euskara mota ere kontuan hartu behar da. Ez da berdina sei urteko batentzat edo hamabiko batentzat idaztea. Gustuak ez ezik berbakera ere aldatzen da.

Ipuineko protagonista zazpi urteko Anartz eta bere kartoizko kaja dira.
Alaba txikia zenean konturatu nintzen umeek askotan ez dituztela behar traste oso modernoak edo erositakoak jolastu ahal izateko. Kaja bat hartu eta itsaspeko bat edo furgoneta bat bihurtzen dute. Horren adibideak ikusita ditut kalean eta nire etxean bertan. Horrelako gauzek umeen imajinazioa suspertzen dute.

Hiru seme-alabaren aita eta eskola bateko irakaslea izanda, inspirazio iturriz inguratuta bizi zara.
Umeekin egonda gertutik ikusten duzu euren barruko mundua zelan ateratzen duten. Makila bategaz pelikula bat imajinatu dezakete. Nik ez dakit zelan ibiliko diren umerik ez duten haur literaturako idazleak. Niri balio izan dit inguruan izateak.

Inspirazio iturri ez ezik kritikari lana ere egin dizutela esan didate; semeari idatzitakoa irakurtzen zeniola gustatzen zitzaion ala ez jakiteko.
Ez bereziki ere, baina, bai, publikatu aurretik istorioak kontatu izan dizkiet, eta gustatu zaizkie. Ipuinetan irakurritako pasarte batzuek gure etxean bizitakoaren antzerako kontuak gogoratu dizkietela esan didate.

Anartzentzat kaja bat mundu berrietarako atea da. Zure umezaroan izan zenuen kajarik edo antzerakorik?
Gaur egun umeen jolasak oso elektronikoak dira: play stationak… Txikitan ez zen horrela. Egur batzuekin txabola bat egingo genuen, edo Bilboko itsasadarrean txalupa moduko bat… Hirikoak izan arren nahiko asilbestratuak ginen. Uste dut orokorra zela. Filosofia kaletarra zen lehengoa. Kalean gora eta kalean behera.

Joko elektronikoak aipatu dituzula, gurasoek play station jokoak erosten dizkiote Anartzi, baina honek nahiago du kaja. Benetako gurasoek galdetu dute horrelako kaja bat non erosi dezaketen!
Altzariren bat etxera ekartzen dugunean, horiek datozen kajak bota egin ohi ditugu. Baina, utzi kaja bat umearen eskura eta, zuk ezer esan barik, berak ikusten duen mundu horretan sartuko da. Oso gauza naturala da.

Haur literaturagaz jarraitzeko asmoa daukazu?
Bai. Neguan zehar sei urte ingurukoentzako beste ipuin bat aterako dut. Behin lehenengo pausoa emanda, eta argitaratzeko aukera badudanez, joango dira gauza gehiago ateratzen. Laugarren bat ere badago laban udaberrirako. Lan bat exijitzen duen arren, helduentzat baino askoz goxoagoa eta leunagoa da haurrentzat idaztea. Helduentzat idazten jarraitzen dut, baina tartean hau sortu da, eta gozatzen ari naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!