51. Durangoko Azoka

Ion Andoni Del Amo: “Hobe da Esne Beltzaren patxanga, kanpotik Pitbull ekarri baino”

Markel Onaindia 2016ko abe. 6a, 11:00

Zer gertatu da euskal musikagaz? Zelako aldaketa eman da? Musika entzun eta disfrutatzeko modua asko aldatu da azken urteetan, eta bere erabilpen sozial edo politikoa ere ez da lehengoaren berdina. Galdera horiei eta askoz gehiagori erantzuten die Ion Andoni Del Amok ‘Party&borroka’ liburuan. Doktore tesian landu, eta orain Txalapartaren eskutik egongo da irakurgai, bertsio laburtuago batean. Del Amoren ustez, asko kosta da musikaren kontsumoan aldaketa bat ematea, baina gogoetarik egin barik gertatu dela dio.

Zer aurkituko du irakurleak zure lanean? Zelan egin duzu tesitik libururako egokitzapena?
Tesian egin nuena da, baina moldatuta. Marko teorikoa, metodologia eta hori guztia kenduta. Elkarrizketen analisia sartu dut bakarrik, eta, beraz, errelato bat da praktikan. Testuinguru lez aurreko hamarkadetan gertatutakoa sartu dut: euskal kantagintza berria, Rock Radical Vasco, 90eko euskal rocka... Jakue Pascualek, Josu Amezagak eta beste batzuek ere landu izan dute. Bigarren zatian, 2000tik aurrera zer gertatu den.

Zergatik aukeratu duzu izenburu hori?
Lehen martxa eta borroka zen. Hortik sortu ziren txosnak, zenbait taberna, gaztetxeak, jarrera eta ohitura batzuk... Party ipini dut, ingelesez festagaz, musika elektronikoagaz eta alderdi politikoekin lotzen delako.

Non daude emandako aldaketaren oinarriak?
Euskal kultura kontrakulturatik eraiki da urte askoan, batez ere hasieran. Euskara ez zen ofiziala, ez zegoen instituziorik... Gero, uztarketa eman zen mugimendu alternatiboen eta euskal kulturaren artean. Hain indartsua izan zen espazio hori, 25 urtez iraun duela, eta antzeko musika edo estiloekin jarraitu dugu. Hori agortu denean, apur bat fosilizatu zelako agian, aldaketa bat eman da bat-batean, azken bost urteetan. Musika elektronikoa eta komertziala hainbat lekutan sartu dira, baita txosnetan ere. Kosta egin da aldaketa ematea, eta ziurrenik gogoetarik egin barik gertatu da.

Musika erreibindikatzaileak ez du lehen bezala eragiten. Zer egin daiteke espazio alternatiboetan? Zer egin daiteke euskal nortasunaren aldeko mugimenduetan?
Kontrakulturaren mitoa egokitu behar da, estetika aldetik ez dauka hainbesteko gaitasunik alternatiba bat irudikatzeko. Ez da apurtzailea, lehen legez, ile luzea edo belarritakoak eramatea. Probokazioek ez daukate hainbesteko gaitasun politikorik. Espazio horiek mantentzeko estetika eta musika zabaltzea beharrezkoa bada, ez da hain larria. Baina, gogoeta egin behar da, ezin dena egin da mutur batetik bestera pasatu eta musika komertziala bakarrik ipini. Patxanga, reaggetoia edota Pitbull gisako musikari erreakzionario bat sartzeko ez dugu arazorik, baina, ostera, herriko Dj bat ekartzeko aurreiritziak izan ohi ditugu. Hemengo rapagaz ere kostatu  da.

Zure ustez, zergatik kostatu da beste musika estilo batzuk gehiago zabaltzea?
RRVren itzalak tapoi moduan eragin du. Rap, elektronika, indie-popa... Adierazpen horiek egin dira, baina espazio kontrakulturaletan onartuak izateko arazoak eduki dituzte. Hori da bultzatu behar dena, musika komertziala beharrean. Hobe da Esne Beltzaren patxanga, kanpotik Pitbull ekarri baino.
‘Poliki biluzten eman dugu gau osoa’ dio Berri Txarrakek ‘Lemak, aingurak’ abestian.
Fase politiko berri honetan, aldi berean eztanda festibo bat egon da. Hezurrak askatu eta dantzan ere hasi gara, gure eran bada ere (barrez).

Zelan ikusten duzu parranda giroa?
Hasiera batean, Interneti esker edozein musika entzun ahalko genuela eta aniztasuna zabalduko zela esaten zen, eta kontrako efektua gertatu da. Ia-ia leku guztietan, jende guztiak musika berbera entzuten du, komertziala. Londresen, Amsterdamen, Berlinen... beste estilo batzuk lantzen dituzte leku alternatiboetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!