Joseba Jaka gogoratuko duen herri lasterketa egingo dute bihar

Aimar Esteban 2016ko abe. 5a, 11:15

Joseba Jaka (1948-1996, Zarautz) euskaltzale eta kirolzalea omentzen duen probaren hamalaugarren edizioa izango da aurtengoa. Abenduaren 6an, bihar, egingo dituzte Durango Kirol Taldeak antolaturiko lasterketak. Lasterketa guztiek Ezkurdiko plaza izango dute abiapuntu, eta parte-hartzea ahalik eta zabalena izan dadin, hainbat zirkuitu antolatu dituzte adin-tarte desberdinak kontuan hartuta.

Eskola kirol mailetakoak 10:30ean hasiko dira. Lehenik, 2007an jaiotakoak edo gazteagoak direnak 500 metroko buelta txikia egingo dute. 10:45ean, 2005-2006. urteetan jaiotakoek ere distantzia bera egingo dute. 11:00etan, 2002, 2003 eta 2004. urteetan jaiotakoak arituko dira, eta 800 metroko buelta ertaina beteko dute.

Gaztetxoen mailetako lasterketen ostean, nagusiena hasiko da, 11:45ean. Hauentzat sei kilometroko ibilbide lau bat diseinatu dute. Lasterketa nagusi honetan ere adinaren arabera sailkapen ezberdinak egingo dituzte. Beraz, izen-emate orrian jaiotze data jartzea derrigorrezkoa izango da azken emaitzak finkatzeko.

Ibilbidea garbi mantendu
Antolatzaileek, lasterketako ibilbidea txukun mantendu guran, espresuki gune batzuk jarriko dituzte ur botilak eta bestelako hondakinak botatzeko.  Horrela, ingurumenarekiko errespetua bultzatu gura dute antolakuntza taldetik.

Izen-ematea
Izen-ematea doakoa da eskola mailakoentzat, eta egunean bertan, 9:30etik lasterketa hasi baino hogeita hamar minutu lehenagora arte egin daiteke Ezkurdin bertan.

Lasterketa nagusian, aldiz, aurreko egunera arte egongo da inskripzio arrunta egiteko epea zabalik, www.herrrikrosa.eus webgunean. Hamar euroko kostua izango du, eta epez kanpoko izen-ematerik balego, hamalau euro ordaindu behar izango dute parte hartu gura dutenek. Lasterketaren aurreko egunetan egin beharko da ordainketa. Zerrendan ordaindu gabe agertzen direnek ordainketaren agiria aurkeztu beharko dute lasterketaren egunean, edo, bestela, egun horretako prezioa ordaindu beharko dute.

Kirolariek Ezkurdin izango dute hornidura-puntua lasterketa amaitzerakoan. Bertan, sailkapenak ezagutzera emango dituzte eta, ondoren, korrikalari guztiak helmugara heltzerakoan, sari banaketa egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!