51. Durangoko Azoka

Frankismoaren zauriak desagertu ez direnean, epaiketa eta barkamenik barik

Markel Onaindia 2016ko abe. 5a, 09:15

Gaur egungo ospitale batean garatzen da antzezlana, eta iragana eta oraina lotzen ditu. Guillaume Meziat

Franco hil zen, eta kasik ezer gertatu ez balitz lez egin zuen aurrera Espainiar estatuak. Frankismoko krimenengatik epaiketarik ez, barkamenik ez; zauriak bai, ordea. Zauri horiek ez dira itxi, eta min pertsonal eta kolektiboak arintzeko ariketa dakar Francoren bilobari gutuna antzezlanak. Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia konpainien obrarako, Unai Iturriaga eta Igor Elortza durangarrek landu dute gidoia.

Unai Iturriagaren esanetan, “iraganak utzitako arrasto traumatikoa” jasotzen du 6an taularatuko den lanak. “Nazismoak bere epaiketa eduki zuen Nurenbergen, beste gatazka batzuetan ere egon dira, eta Frankismoak ez du eduki epaiketarik. Hori guztiori barruan geratzen da, eta garbitzen ez den zauria behin eta berriro zornatzen da”, esan du gidoilariak.

Jatorri alemaniarretik
Ximun Fuchs obraren zuzendariaren –Manex anaia aktore ere bada–  familia jatorri euskaldun eta alemaniarrekoa da. Hainbat senide alemaniar juduentzako kontzentrazio esparruetan egon ziren, eta adar euskalduneko aitona bat Espainiako eremuetan ere bai. Testuinguru horretatik jaio zen obra sortzeko ideia edo oinarria.

Günther Anders filosofo judu alemaniarrak gutun filosofiko bat idatzi zuen, nazi baten semeari zuzendua. Horregatik, ikuskizun honetako kideek Francoren bilobari idaztea pentsatu dute.

Gidoia, piezak elkartzen
Iturriagak dio kuriosoa izan dela gidoia idazteko modua. Duela urte eta erdi hasi ziren beharrean, eta antzezleek egonaldika egiten dute lan. Inprobisazioen bidez funtzionatzen dute, eta Elortzak eta Iturriagak horien gainean osatu dute testua. “Oso astiro eraikitzen joan da, zati batean galduta ere egon gara.  Baina, gero, piezak elkartzen doazela ikusten duzu, eta benetan polita da”, argitu du Iturriagak.

Gidoia biren artean idazteko lanaz galdetuta, Iturriagak uste du ez dela gaitza kolektiboki funtzionatzea. Gainera, Elortza eta biak ondo konpontzen dira beharrean ere. Hori bai, eurentzat erronka bat da antzerkian murgiltzea, ez baitute ohikoa. “Gu ez gara antzerki idazleak, eta eurek ere badakite hori. Deitzen digutenean, prozesu baten parte izateko eskatzen digute. Oso garrantzitsua da jakitea zein den bakoitzaren funtzioa. Gurea testuak idaztea zen, baina istorioa ez zen gurea bakarrik”.

Hala ere, gustura azaldu da hiru konpainiekin bat egin izanaz. “Erraza da eurekin lan egitea, eta niretzat ikasbide itzela da”, aitortu du Durangoko sortzaileak.

Bihar ikusi ahal izango da lan horren emaitza, San Agustineko Szenatokian.

Ander Lipus aktorea da protagonistetako bat. Guillaume Meziat

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!