51. Durangoko Azoka

Miren Amuriza: “Tentsio handiko egoera baterako ihesbide bat irudikatu dugu”

Aitziber Basauri 2016ko abe. 2a, 13:53

Elkarregaz egindako lehenengo proiektua dute Miren Amurizak (Berriz, 1990) eta Irati Egurenek (Durango, 1981) ‘Bainera bete Itsaso’. Pozik eta “ilusio handiagaz” hartu dute labetik atera berri den album ilustratua. Horregaz lotuta, Ikus-entzunezkoa ere sortu dute Mursegoren musikagaz, eta abenduaren 30ean aurkeztuko dute. Hala ere, datozen egunetan horren zenbait zertzelada ikusteko aukera egongo da sare sozialetan.

Nola sortutako proiektua da ‘Bainera bete Itsaso’?
Irati Eguren: Urtebete pasatxo da Durangoko Arteka liburudendan erakusketa jarri nuela ilustrazio batzuekin, eta horietako baten zati bat hartu zuen Mirenek. Hain justu, Bainera bete itsasoren azalean ageri dena. Gerora, aurpegi horren beste zatia hartzeko gogoagaz bueltatu zen Miren, baina, erakusketa kenduta nuen ordurako. Hartu-emanean jarri ondoren oparitu egin nion, eta, bueltan,ilustrazio horien inguruko bertso batzuk idatzi zituen, opari moduan. Orduan sortu zitzaigun horregaz guztiagaz zerbait egiteko gogoa. Elkar argitaletxean album ilustratu bat egiteko aukera ikusi zuten, eta aurrera egin genuen. Oso erraza izan da elkarregaz lan egitea.

Itomen baten kontakizuna da ‘Bainera bete itsaso’. Eta Mara da protagonista.
Miren Amuriza:  Mara da protagonista, bai. Ez da, ez neska, ez mutila; ez du adin zehatzik. Beren beregi diogu horrela, apropos dago eginda, bakoitzak berea ikusi dezan. Ume moduan azaltzen da Mara, eta aita duela da dakigun bakarra. Horrela egiten du aurrera istorioak, egoeraren aurrean apurka-apurka Marak airea falta du, itotzen dabil. Ezin du arnasarik hartu hor agertzen diren motibo batzuengatik, eta une horretan duen ihesbidea da komunera joan, atea itxi, bainera bete eta urpean sartzea. Urpean topatzen duen itsaso horretan arnasa hartzeko eremu bat topatuko du. Itomena esango du batek, beste batek antsietate-krisia, hurrengoak negarraldi bat eta ondorengoak platerak apurtzea. Bakoitzak bere erara adierazita, baina, halako tentsio handiko egoera baterako ihesbide bat irudikatu dugu.

Eta nolatan sentsazio horiek?
I. E.: Ilustrazioak berak ere hori adierazten zuen, nolabait.
M. A.: Iratiren ilustrazio hartan erdia arraina, erdia umea den aurpegi bat ikusi daiteke; halako hibrido bat. Aurpegi horren atzean zer egon zitekeen pentsatzen hasita, ume bat arrain nola bihurtu daitekeen, heldu nintzen itomen honetara. Seguruenik, bizitzako beste momentu batean egin izan banu, irudi berberaren atzean itomena beharrean euforia ikusiko nuen. Halaxe bizi izan nuen, eta hori ekarri nuen testuetara.

Irudiari dagokionez, zer izan duzu kontuan, Irati?
I. E.:  Arkatza erabili dut, eta ura islatzeko, akuarela; urdin turkesa erabili dugu, itsasoa ahalik eta garbien islatzeko. Garrantzi handia eman gura izan diogu urari, eta hori indartzeko, arkatzez dago eginda beste guztia. Arkatza oso eroso sentitzen naizen medioa ere bada, eta uste dut oso ondo egiten dutela bat biek. Baineraren sentsazio hori transmititu guran, zuriuneek ere garrantzi handia hartu dute, lasaitasun edo baretasun puntu hori ematen diote.

Lehenengo album ilustratua duzue. Nola joan da?
I. E.:  Oso ondo! Oso erraza izan da elkarregaz lan egitea. Prozesu guztian hartu-emanean egon dira testua eta irudia, testua hartu eta hori iruditan jartzea beharrean. Eskuetan hartzean ilusio itzela sentitu dut.
M.A.:  Bestelako proiektuetan parte hartu dudan arren, neuretik irtendakoak dira Olatu bat daukat sabelean (2015) eta Bainera bete itsaso. Bizipen bat sentimenduetatik hitzetara ekarri ondoren, eta, denbora batera, berriz irakurtzeak inpresionatzen bazaitu, are gehiago beste diziplina batera eramanda; kasu honetan marrazkiekin. Dena liburu batean batuta ikustea hunkigarria da.

Nori dago zuzenduta ‘Bainera bete itsaso’?
I.E..: Baineran murgildu gura duen edozeini. Album ilustratuak gero eta gehiago erakartzen ditu helduak ere. Testuak, nahiz eta laburrak izan, oso indartsuak izan daitezke, eta irudiei erreparatuz gero, testuek ez diotena esan dezakete. Irakurtzeko beste era bat da.
M.A.: Album ilustratuek marrazkiak dituztenez, eta dendetan haur literaturaren atalean sartzen direnez, umeentzat diren  aurreiritzia dago. Muga hori apurtu gura da, eta Bainera bete itsaso edozeinek irakurtzeko liburua da.

Bideoa ere egin duzue.
I.E.: Bai, liburuko sentsazioak batu ditugu, testua egokituz eta marrazkiei mugimendua emanez; Mursegok jarri dio musika. Artekan aurkeztuko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!