Zelan joan dira prestaketak?
Niretzat dena izan da berria, eta ikasten eman ditut azken egunok. Duela pare bat astetik bete-betean gaude Plateruenean Azoka giroan sartuta, eta urduritasuna ere nabari dut. Hala ere, arraroena egunok lasai-lasai igarotzea litzateke.
Plateruenarentzat zelako ahalegina eskatzen du Azokak dakarren jendetza hartzeak?
Lantalde guztiaren inplikazioa suposatzen du, jende askoren esfortzua. Kudeatzaile moduan, oso harro nago jendearen erantzunagaz. Jaten ematen dugu, edariak eskaini, kontzertuak antolatu... Aretoa jaso eta garbitu egin behar da... Platerueneko bazkideek ematen diguten laguntza ere ezinbestekoa da, eta asko eskertzen dugu: atean eta leihatilan egoten dira.
Azokako egunetan, eguneko 24 orduetan dago norbait lanean Plateruenean.
Bai, Azokako egunetan 24 orduz dago jendea lanean Plateruenean, nahiz eta publikoarentzat ordu batzuetan itxi egiten dugun. Erlojuaren kontra ibiltzen gara taberna gaueko itxuratik egunekora pasatzeko lanean. Izan ere, egunaren ordu desberdinetan aurpegi desberdinak eskaintzen ditu Plateruenak.
Zeintzuk dira aurpegi horiek?
Goizeko salda eta pintxoa hartzeko aukera eskaintzen dugu, bazkaldu edo arratsaldeko tragoa hartzeko lekua, eta baita gaueko kontzertuak gozatu eta ostean parranda egitekoa ere. Durangoko Azokaren parte garrantzitsua gara, eta horrela erakutsi du Deustuko unibertsitateak argitara eman duen inkestak ere: Azokako gune ezagunenetakotzat identifikatzen gaituzte bisitari askok.
Ikuspuntu ekonomikotik, zer garrantzi dauka Azokak Plateruenarentzat?
Oso garrantzitsua da guretzat Azoka. Urtean lan gehien egiten dugun sasoia da.
Orain arte, zelan bizi izan duzu Azoka egunetako Plateruena bezero moduan?
Ez nuen ezagutzen atzean dagoen lan eta inplikazio guztia. Ez nintzen ohartzen makinaria zer punturaino egon behar den koipeztatua hemen eskaintzen den guztia eskaintzeko.
Azokaren eskaintza gozatzeko tarterik atera ahalko duzu?
Baietz espero dut. Abenduaren 6an Frankoren bilobari gutuna ikusteko sarrerak badauzkat, eta gurako nuke Bide Ertzean entzutea ere. Arratsalderen batean Landakon zehar ibili ahalko naizela ere espero dut.