‘Txistua XXI.mendean’ Silboberriren eskutik

Aimar Esteban 2016ko abe. 3a, 11:00

Silboberri txistu taldeko kideek Durangoko Azoka egunei loturiko ‘Txistua XXI.mendean’ zikloa egiten dute 2005etik. Aurten ere, Durangoko Azokara bisitan datozen lagunek urteroko kontzertura joateko aukera izango dute zapatu honetan, 20:00etan, Andra Marian. Ikuskizunerako sarrera doakoa izango da.

Kontzertua basilikaren barruan jarriko duten pantaila erraldoi baten bitartez ere jarraitu ahal izango da. Musikari guztiak elizako korura igoko direnez, publikoak hurbiletik jarraitzeko aukera izatea bilatzen dute.

Organoa protagonista
Ekitaldian basilikako organoa erabiliko dute. Ez da instrumentu hau kontzertuetan erabiltzen duten lehen aldia, baina ez dute erraz izaten berau jotzea. Kontzertua prestatu ahal izateko, organoa erabiltzeko beharra dela-eta,  basilikan bertan entseatu behar izan dute. Aitor Olea musikari durangarrak joko du organoa. Bere ibilbidean zehar hainbat sari irabazi duen musikaria da.

Egitaraua doinu klasikoek osatuko dute. Silboberri taldeko txistularien artean, Aitor Amillibia, Jon Ansorena, Sergio Torices eta Iñaki Martin arituko dira. Maria Jose Ugarteburuk fagota joko du, eta Irati Ortubiak txeloa. Lander Bilbao eta Nerea Quincoces perkusioan izango dira.

Kontzertuko egitarauaren barruan, Francisco Ibañezen Anamnesis abestia estreinatuko dute. Horrez gain, El poema del txistulari solitario, Nondik nora, Cripta, Le sommeil de l’ange eta Maddi Ama-lurra konposizioak izango dira entzungai kontzertuan.

2000. urtean jaioa, Durangoko taldeak txistuaren errepertorioari buelta eman ohi dio. Tradizioa eta doinu modernoak uztartzen dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!