Nolatan hasi zineten boluntario lanetan?
Paula Garcia: Durangoko Azokak sare sozialetan daukan profilari jarraitzen diot, eta, bertan, boluntarioak behar zituztela ikusi nuen. Orduan, Eleneri esatea bururatu zitzaidan, eta bere baiezkoa jaso nuenean izena ematea erabaki genuen.
Elene Goikoetxea: Paulak komentatu zidanean ideia bikaina iruditu zitzaidan. Txikitatik etxe aurrean eduki dudan azoka bat da, eta bertako parte izatea eta antolatzaileei gure laguntzatxoa eman ahal izatea gauza polita da.
Aurten, bigarren urtez, azokan lanean ikusiko zaituztegu. Dirudienez, iazko esperientzia ona izan zen.
P. G.: Bai, esperientzia oso ona eta oso polita izan zen. Azken batean, euskal kultura eta euskal mundua bultzatzeko aukera paregabea eskaintzen du Durangoko Azokak.
E. G.: Esperientzia oso aberasgarria izan zen iaz bizitakoa. Gainera, guk umetatik ezagutzen dugun azoka honetan bisitariei lagundu ahal izatea oso polita da.
Iaz bisitariei laguntzen ikusi zintuztegun, informazioa ematen. Nola gogoratzen dituzue azokako egun haiek?
E. G.: Une aberasgarriak izan ziren. Hasierako ekitaldian ateak zabaldu ondoren, informazio emaile gisa aritu ginen, eta gauza dibertigarria izan zen.
P. G.: Azokak ateak zabaldu zituen egunean bisitariei laguntzen ibili ginen, standak zein tokitan zeuden azaltzen eta ekitaldiak zein gunetan ematen ziren esanez. Lan polita izan zen.
Aurten berriro lan berdina egiten ikusiko zaituztegu? Ala beste lanen bat jarri dizuete antolatzaileek?
E. G.: Iaz ez bezala, aurten ez gara elkarregaz egongo, eta bakoitzak egiteko bat izango dugu. Niri esaterako, 51. Durangoko Azoka honetan, gaur areto nagusian zaintzaile egotea egokitu zait.
P. G.: Nik, berriz, iazko lan antzerakoa izango dut. Astelehenean, hilaren 5ean, ateen irekieran egongo naiz, eta ondoren, informatzaile lez arituko naiz zenbait gunetan, bisitariei laguntzen.
Nola bizi dituzue azokako egunak?
P. G.: Intentsitate handiz bizitzen diren egunak dira. Alde batetik, gure boluntario lana egiten ibiltzen gara, baina, beste alde batetik, bisitari moduan ere bizi gura izaten dugu azoka. Egia da gauza biak uztartzeko aukera egoten dela, eta bata egiten zabiltzanean bestea horrela egin dezakezula pentsatzen aritzen zarela.
E. G.: Egia da denerako denbora edukitzen dugula. Boluntarioen lana oso ongi banatuta dago, lan egiteko eta azoka bisitatzeko nahikoa denbora edukitzen dugu.
Zuek azokan egiten dituzuen lan horiek aurretiazko prestaketarik eskatzen dute?
P. G.: Ez, guk egiten dugun lanak ez. Uste dut, lan konkretu batzuk egiteko, teknikari moduan aritzeko... ikastaro txiki batzuk egiten dituztela, baina lan gehienek ez dute prestaketa lan berezirik eskatzen.
E. G.: Gure lana nahiko erraza da. Beraz, jendeari, durangarrei zein Durangaldetik kanpokoeei dei egiten diegu, aurtengo azokan ez bada, hurrengo urtekoan parte hartu dezaten.
Zer espero duzue 51. Azoka honetatik?
P. G.: Jende asko etortzea eta jendeak ahalik eta ongien pasatzea espero dugu.
E. G.: Eta, nola ez, jendeak, batez ere bertakoek, Durangoko Azokari daukan balioa ematea.
Jendeak ez al du, ba, baloratzen Durangoko Azoka?
P. G.: Nire ustez, bertako jende askok ez du azoka baloratzen baloratu beharko lukeen bezala. Hau da, Euskal Herrian Durangoko Azokak garrantzi handia du, eta kanpotik jende asko etortzen da egun hauetan azokara. Eskualdean, berriz, nire iritziz, ez da hori gertatzen. Jende askok dugun altxor honi ez diola garrantzi askorik ematen iruditzen zait.
E. G.: Horrela da, bai. Gainera, uste dut Durangaldean jende asko ez dela konturatzen egun hauetan herriak, hizkuntzak, kulturak... hartzen duen garrantziaz.
Kulturaz gain, hizkuntza, hau da euskara, protagonista bihurtzen da Durangon egun hauetan.
E. G.: Horrela da, bai. Esatea gogorra den arren, urtean zehar lau katuk hitz egiten dugu euskaraz. Egun hauetan, berriz, azokak irauten duen bitartean, euskalki ezberdinak dira nagusi herriko kaleetan.
P. G.: Azoka egunetan Durangotik ibiltzea gustagarria da, euskara izaten baita nagusi herriko txoko guztietan. Nire ustez, h≠erria euskalduntzeko eta antzinako hizkuntza den honi eusteko tresna aproposena da Durangoko Azoka.