Mami Lebrun oholtzan
Xake produkzioak-en Mami Lebrum antzezlanaz gozatzeko aukera izango da abenduaren 4an, San Agustineko oholtza gainean. Kepa Errazti eta Ane Pikaza aktoreek, Egoitz eta Mirenen paperean, amona Kontxaren heriotzari aurre egin beharko diote. Denboran aurrera eta atzera eginez, euskalkien bidez pertsonaiak ezberdinduko dituzte. Euskara batua, lapurtera, bizkaiera eta Debagoieneko euskalkia erabiltzen dituzte obra osoan zehar. “Oso antzezlan polita eta hunkigarria da. Ilobak amonaren historia kontatzen du”, dio Eliasek. Szenatokiko arduradunak antzezlan bati aupada bat ematen saiatzen dira azokan. Ikusgarritasun falta duten taldeei laguntzea dute helburu. Aurten Xake produkzioak izan da talde horietako bat.
Antzerki maratoia
Zortzi taldek parte hartuko dute aurten San Agustin kultur guneko antzerki maratoian. Ordu laurdeneko antzezlan zatiekin egitarau oparoa osatu dute. 12:00etan hasi eta 19:30era arte garatuko dute arte eszenikoen maratoia.
Bi´Arte taldearen Emoziotegia, emozioen hiztegia izango da jardunaldiari hasiera emango diona. Ondoren, Oreka-tu (Arimaz taldea), Sexijentziak askatuz (Bazen Behin Clown), Bihotz salataria (ATX Teatroa), Aukerak (Arteko antzerki taldea), Hiroshimako Zuhaitza (Kabia), Muntu (Arropaineko Arragua) eta Besaulkiak (Abarka Antzerki Taldea) antzezlanak taularatuko dituzte.
Maratoiko nobedadeetako bat aurkezlea izango da. Jon Martinez Txikik bere bakarrizketekin girotuko du antzezlan zatien trantsizioa.