51. Durangoko Azoka

Bost kontzertu handiren plaza izango da Plateruena azokan

Itsaso Esteban 2016ko abe. 2a, 13:00

Plateruena Kafe Antzokia da Durangoko Azokako kontzertu handien gunea. Azokak irauten duen bost egunetan kontzertu bana izango da, gauez, Plateruenean. Hasteko, gaur, Tabula rasa disko berriko kantak eskainiko ditu Willis Drummond taldeak. Duela lau urte kaleraturiko A ala B aurreko diskoagaz bira luzea egin eta gero, 2014. urtean egin zuten geldialdiaren ostean kaleratu dute bosgarren disko hori. Disko berrian ere bere isla duen Willis Drummond taldearen zuzeneko indartsua da, hain zuzen ere, gaur Plateruenean gozagai izango dena.

Zea Mays bilbotarren txanda izango da bihar, 23:00etan. Taldearen zortzigarrena den Harro diskoa aurkeztuko dute, lan horretan bildutako hamabost kanta zuzenean emanez. Hogeigarren urteurrenaren atarian arituko da laukotea Durangoko Plateruenean, eta egindako bideagaz asebeteta daudela adieraziko dute Harro izenburuko disko berriaren aurkezpenean.

Domekan, Hesian 10 urte, 11 gonbidatu emanaldia hartuko du Plateruena Kafe Antzokiak, 22:30ean hasita. Talde horrek bete duen hamarkada ospatzeko, hainbat lagun eta musikari gonbidatuko dituzte domekako hitzordura. Aurreratu dutenez, Esne Beltza taldeko Xabi Solanok, Vendettako Pello Reparazek, 22M2 taldeko Naroa Gaintzak, Goseko Ines Osinagak, Iheskideko Xaguk, eta Kaotiko taldeko Jonyk eta Aguayikok parte hartuko dute abenduaren 4ko Platerueneko jai horretan.

Gonbidatu bereziekin arituko da Skakeitan taldea ere, abenduaren 5ean, Plateruenean, Galera disko berria aurkezten.

Martitzenean, Bide Ertzean

Bide Ertzean Tolosako musika taldeak eskainiko du Durangoko Azokako azken kontzertua, martitzenean, 20:00etan. Zutaz kantatzeko disko liburua dakar Bide Ertzeanek Durangoko Azokara. Jon Eskisabel (Lasarte-Oria, 1969) kazetariak elkarrizketen bidez landutako liburua eta orain arte grabatu bako kanten diskoa da. Pop musika eta poesia uztartzen 18 urte daramatzan taldearen inguruan ibilitako jendeari egindako elkarrizketek osatzen dute kontakizuna, eta argitara eman gabeko 14 kantak diskoa.

Aurrez erosiz gero 10 euroko prezioa dute Willis Drummond eta Zea Maysen kontzertuek, eta 12 eurokoa osterantzean. 7 eurokoa da Hesian-en kontzerturako sarrera, eta 5ekoa Skakeitanen emanaldikoa. Bide Ertzeanek Azokaren azken egunean eskainiko duen emanaldirako sarrera, aldiz, doakoa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!