Gorka Julio antolatzaileak jakitera eman duenez, komunitate autonomoek egiten dutena jendeari erakustea izango dute helburu aurtengoan Kabi@n.
Bost egunean, bost goibururen (gazte/helduak, bideo-jokoak, sortzaileak/komunikazioa, garapena/euskara eta komunitate eguna) bueltan egituratu dituzten aurkezpen, solasaldi eta mahai-inguruek herritarrak kultura digitalean murgiltzeko asmoa izango dute.
Julioren hitzetan, “Gune honek jendea erakartzea du helburu. Aurten, gainera, jendeari, interesa duten horiei gauzak nola egiten diren erakutsi gura diegu Kabi@n”.
Egitarau zabala egunero
Azokak ateak zabaltzen dituen egunean, esaterako, gazteekin robotikaren mundua landuko dutela, eta wikipedian editatzeko jarraibideak ere eskainiko dituztela jakinarazi dute.
Zapatuan, Game Erauntsia komunitatearen eskutik bideo-jokoak izango dira protagonista. Azokako bigarren egunean euskarazko bideo-jokoak ikusteko aukera egongo da Kabi@n.
Domekan, sortzaile egunean, dokumentazio atariak izango dira nagusi, eta Tirabirak webdok komunitatea ezagutzeko aukera egongo da. Arratsaldean, berriz, ‘Marrazkeraz’ ekimenaren bitartez, Kabi@ euskal marrazkilarien topagune bihurtuko da. Eurek emango diote amaiera eguneko egitarauari.
Astelehenean Kabi@k garapena eta euskara izango ditu goiburu, eta bertan, besteak beste, hizkuntz eskubideen plataforma eta Ondarroako herri hizkeraren gaineko aplikazioa aurkeztuko dituzte.
Azokako azken egunean, berriz, Areto Nagusiaren ondoan kokatuta egongo den kabia itxurako domo geodesikoan komunitatearen eguna ospatuko dute. Bertan, Librezale taldeak, Libreoffice ofimatika paketearen laguntzagaz, webgunea euskaratzen ibiliko dira, maratoi baten bitartez.
Egunari eta aurtengo 51. Durangoko Azokari bukaera, aldiz, gaur egun modan dagoen sare sozialen munduak emango dio. Bertan, zuzenbidearen ikuspuntutik, ondorengo galdera hauei erantzun bat bilatuko diete: Zeintzuk dira sare sozialen betebeharrak? Eta zeintzun dira arau-hauste nagusiak?
Bisitariei bertaratzeko deia
Kabi@ko antolatzaileek gonbita egin diete bisitariei, Durangoko Azokak irauten duen bitartean kultura digitalaren plaza den horretara joateko. Urtez urte handitzen doan gune horretako antolatzaile Juliok aurtengoan bisitariek gauza ezberdinetan aritzeko aukera izango dutela adierazi du. “Azokak ikusteko eta erosteko aukera asko eskaintzen ditu. Aurten, berriz, jendeak gauza horiek praktikan jartzea da gure asmoa”, bukatu du Juliok.