Zenbait diziplinatan, euskaraz aritzen diren haur eta gazteen erakusleihoa izango da Saguganbara, astelehenean, 15:00etatik 19:00etara. Durangaldeko sortzaile gazteak igoko dira, oraingo honetan, oholtzara: Durangoko Kristikin dantza taldeko umeen talde bat, Abadiñoko Marisorgin taldea, Durangoko Kurutziaga Ikastolako antzerki taldea eta Gureak taldeko umeak gonbidatu dituzte. Epe luzerako proiektu moduan jaio da Talentue plazara!, Berbaroko ordezkari Itsaso Gangoitiaren berbetan. “Izan ere, kezka batetik sortutako ekimena da. Saguganbarako protagonista dira haur eta gazteak, bai, baina era pasiboan. Eskaintza jaso egiten dute. Ez dira oholtzara igotzen. Hori aldatu gura dugu”, argitu du. Aurten Durangaldeko gazteek erakutsiko dute euren talentua, baina ez dute baztertzen Euskal Herrira zabaltzea.
‘Tupperstoys’ saioa
Ez da hori Saguganbarak dakarren berrikuntza bakarra. Guraso eta hezitzaileek jostailu eta jolasei buruz dituzten zalantzak argitzeko tartea izango dute aurten antolatu duten ‘Tuppertoys’ saioan. Abenduaren 3an izango da. “Hezkidetzan lan egiteko tresna ezinbestekoa dira jolasak, eta hori nola zaindu ezagutzeko aukera ere bada”, gogoratu du Gangoitiak.
Urtero moduan, ipuin kontalariek eta askotariko tailerrek osatuko dute Saguganbararen eskaintza. Euskal kulturaren transmisiorako eta hizkuntzagaz jolas egiteko gune honek guraso eta haurren elkarrekiko transmisioan egin gura du lana. Era berean, Berbaro euskara elkarteak “kulturaren plaza den Azokan, umeek ere badutela zer esana” aldarrikatu gura du.