51. Durangoko Azoka

“Euskal jantzi tradizional bat daramanak aitita eta amona daramatza soinean”

Joseba Derteano 2016ko abe. 2a, 11:30

Maria Jesus Cortabitarte Maguregi (Euskal jantzi tradizionalen diseinatzailea)

Zornotzako Jaialdi tailerrak euskal jantzi tradizionalak egiten ditu. Maria Jesus Cortabitartek eta Jose Luis Arrieta senarrak sortu zuten orain 16 urte. Jantzien esentziari eta nortasunari eutsita, gaur egungo eskariari erantzuten diote. Beren ibilbide oparoagatik Artetsu saria jasoko dute gaur, 20:00etan, San Agustin Kulturgunean.

Zorionak, Maria Luisa. Sorpresaz harrapatu zaitu?
Bueno, nork jakin ba? Pozez hartu dut. Zeozer erein dugunaren seinale da. Egindako ibilbide baten ondorioa. Modu horretan hartzen dut. Jaialdin lanean gabiltzanoi eta ibili direnei esker lortu dugu.

Zeintzuk dira euskal jantzi tradizionalak? Eta zeintzuk egiten dituzue?
Guk denetarik egiten dugu. Elizara joatekoak, ezkontzetara eramatekoak, erromeriakoak…

Denak jantzi tradizionalak, baina denak desberdinak.
Bai, baina normalean jendeak ez ditu behar moduan apreziatzen. Adibidez, behin domeketako jantzia egin nion bati, eta bere kabuz astegunetakoa ere erosi zuen, badakizu, kanpotik datozen horietakoak. Eta ez zuen bereizten domekan jarri beharrekoa zein zen. Badakizu zergatik den hori? Jende askok ez dakielako lehengoak zelan janzten ziren.

Ezagutza falta sumatzen duzu?
Kaletik jantzi tradizionalekin ikusi eta sarritan galdetzen diot neure buruari: Zelan ibili litezke horrela? Edozelako erropekin eta edozelan jantzita. Horrek min ematen dit. Esaterako,  umeak mototsagaz eta amak bape barik. Sasoi bateko umeek sekula ez zuten mototsik erabiltzen, albo batean lazotxoa bakarrik. Eta nagusiak, berriz, ulea batuta joaten ziren, eta ez oraingo moduan, solte eta modu horretara. Mototsa gura ez duenak, ilea atzean batu dezake. Antzinakoek arropa zaharrak jantziko zituzten, baina beti garbi eta bere lekuan! Pertsonaren araberakoa da. Beste batzuk ederto joaten dira.

Beraz, ez da arropa eramatea bakarrik, konjunto osari erreparatzen diozu.
Bai. Lehengo batean, dantzari eta soinujole batzuk etorri zitzaizkidan. Holan edo halan joan, berdin zitzaiela esan zidaten. Nik erantzun nien ez zirela eurentzat bakarrik janzten, baita begira dagoenarentzat ere. Jantzi ez ezik erakutsi egin behar zutela. Jantzi tradizional bat daramanak bere amona eta aitita daramatza soinean. Horrela ikusten dut.

Kolore askotako jantziak ikusten ditut. Batez ere jantzi beltzak zirela uste nuen.
Lehen, senitarteko bat hiltzen zenean, doluzko jantzitan joaten ziren. Baina orduan ere erabiltzen ziren koloretako jantziak. Amonaren zuri-beltzezko argazki bat dut, eta badakit hango arropa koloretakoa zela.

Nork erosten ditu euskal jantzi tradizionalak? Nortzuk dira bezeroak?
Ezkontzera doazen batzuk, dantza taldeak… esaterako, Abadiñoko dantza talde bateko gaztetxo batzuentzat jantziak egin nituen, eta pozez zoratzen daude. Kapritxoz erosten dutenak ere badaude. Batek 60 urte egin eta jubilatu egin behar dela-eta, jantzi bat egiteko enkargua eman dit. Zelakoa gura duen galdetuta, “berdin dit” erantzun zidan. Gure poza! Gura genuena egiteko askatasuna geneukan.

Diseinatzerako orduan, zer puntutaraino eusten diozu esentziari eta zer puntutaraino ematen diozu zure ukitua?
Ukitua derrigor eraman behar du. Esaterako, mahukak ezin dira lehengo erara jarri. Tiratu egiten dutela-eta, kexaka hasiko lirateke. Hortik aurrera, sormena beti dago, baina muga batzuk zainduta. Bestela, ez litzateke euskal jantzi tradizionala izango. Kaikuekin —jantzi mota bat— sarritan gertatzen zait. Hau kendu eta bestea gehitzeko esaten didate. Ezetz erantzuten diet, aldatu gura badute jostunarengana eramateko. Gauza batzuk ezin ditut egin. Jantzi horri burla egiten nabilela sentituko nuke.


Jantzien inguruan lan berezirik sortu zaizu?
ETBk reality bat egin zuen antzinako bizimoduaren inguruan, eta parte-hartzaileak janztera joan nintzen Axpeko  —Atxondo— Mendigoikoara. Banan-banan jantzi nituen denak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!