51. Durangoko Azoka

70 musika emanaldi eta 50 solasaldi hartuko ditu aurten Ahotsenea guneak

Itsaso Esteban 2016ko abe. 2a, 10:28

Landako Erakustazokaren aldameneko parkean atonduko dituzte Ahotseneako bi karpak.

Idazleak ordu erdiz beraien liburuez jarduten entzuteko zein musika taldeen zuzenekoak gozatzeko aukera eskainiko du Durangoko Azokako Ahotsenea guneak, bederatzigarren urtez. Aurten 120 aurkezpen programatu dituzte Landako Erakustazoka alboko parkean atonduko dituzten bi karpetan: 70 musikari edo musika talderen emanaldiak izango dira Zuzenekoen karpan, eta 50 sortzailek baino gehiagok aurkeztuko dituzte beraien lanak Solasaldien gunean.

Gaurtik abenduaren 6ra arte, goiz eta arratsaldez egongo da zer entzun eta zer ikusi Ahotsenea gunean. 11:00etan zabalduko dituzte Zuzenekoen zein Solasaldien karpek ateak, eta iluntzera arte etenik barik jardungo dira sortzaileak oholtzan. Solasaldien guneko azken emanaldia 19:00etan hasiko da, eta 19:40ean Zuzenekoen gunekoa.

Ohi bezala, askotariko formatuetan arituko dira sortzaileak: solasaldi eran, mahai-inguruan, errezitaldi gisa, ikuskizun baten bidez, akustikoan...

Parte hartzeko gogoa
Ibilbide luzeko sortzaileek zein hasiberriek osatzen dute, aurten ere, Ahotsenea guneko programazioa. Guztiek dute beraien lana erakusteko aukera Durangoko Azokako oholtza horretan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, nabaria da sortzaileek Ahotsenean parte hartzeko daukaten gogoa.
Horrela, 51. Durangoko Azoka honetako Ahotseneako oholtzan Gatibu edo Kokein eskarmentu handiko taldeak zein Kohatu talde berriztar gaztea arituko dira, besteak beste. Berdin solasaldien gunean ere: ordu erdiz beraien lanez jardungo dira idazle ezagunak zein ezezagunagoak.

Zuberoak, Nafarroa Beherak eta Lapurdik betidanik izan dute tokia Durangoko Azokan, baina Gerediaga Elkarteak nabarmendu duenez, aurten are aberatsagoa izango da Iparraldeko proposamenen kopurua. Izan ere, hamar urte betetzen dira Gerediagak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanerako hitzarmena sinatu zutela.

Urteurren hori ospatzeko, Iparraldeko sortzaileen 30 ekitalditik gora izango dira Durangoko Azokan, teknologiari, zinemari, zabalkundeari, literaturari, musikari zein arte eszenikoei lotuta. Ahotseneako programazioan ere antzemango da Iparraldeko sortzaileen presentzia nabarmena. Zuzenekoetan, Tristtan Mourguy, Xabaltx, Otxalde, Arramazka, Bidaia, Begiz Begi eta Pier Paul Berzaitz musikariak arituko dira, esaterako. Solasaldien gunean, berriz, besteak beste, Erich Dicharry edo Amaiur Blasco entzun ahalko dira beraien literatur lanen inguruan.

Durangaldeko hainbat sortzailek ere parte hartuko dute Ahotsenean

Durangaldeko hainbat idazle eta musikarik ere aurkeztuko dituzte beraien lanak Ahotsenean. Hain zuzen ere, Durangaldeko musikari batek gidaturiko musika tailer bategaz hasi da, gaur, Ahotseneako programazioa: ikastetxeetatik joandako gazteei zuzenduriko saioa gidatu du Mikel Inunziaga Inun zornotzarrak. Da Nola bere bigarren diskoa bihar aurkeztuko du zornotzarrak, 13:00etan,  Zuzenekoen gunean.

Bihar, Jakoba Errekondok idatziriko Bizi Baratzea liburuan oinarrituriko Altza Porru komikiaren aurkezpena egingo dute Unai Iturriaga durangarrak eta komikiaren beste egileek. Performance bat eskainiko dute, 16:30ean, Ahotsenean.

Abenduaren 4an, 11:00etan, maiatzean kaleratutako Argia poema liburuaren inguruan jardungo da Peru Magdalena durangarra —bere bigarren poema liburua da Argia—. Domekan baita, Bille liburua aurkezteko errezitaldia eskainiko du Unai Ormaetxea zornotzarrak, Solasaldien gunean.

Azkenik, irailean disko bana plazaratu duten Durangaldeko bi musikari arituko dira abenduaren 6an, Ahotsenean. Om lehenengo diskoko kantak eskainiko ditu, 17:40an, Izaro mallabitarrak, eta Ahotseneako aurtengo azken emanaldian, 19:40an, BiZi diskoa aurkeztuko du Etxe berriztarrak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!