Ikus-entzunezkoak izango dira bertan protagonista. Film luze zein laburrak, fikzio-esperimentalak, dokumentalak zein haurrentzako filmak eskainiko dituzte, eta mahai-inguruak, solasaldiak eta tailerrak ere izango dituzte zinemazaleek aukeran. Irudienea ez da zinema-areto soil bat izango, ikus-entzunezkoen arloko jakintza partekatzeko elkargune bat baizik. Ildo horretatik, marrazki bizidunak egiten ikasteko eta bikoizketan jarduteko tailerrak egin dituzte, esaterako, gaur. Azken urteetan bezala, Kameratoia lehiaketa ere hartuko du Irudieneak. Abenduaren 3tik 6ra bitartean, beraien ikus-entzunezkoak ekoizten ibiliko dira Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako sortzaileak Durangaldean zehar.
Euskal zinemagintzako aurtengo nobedadeak ikusteko aukera paregabea ere eskaintzen du, gainera, Irudienea guneko programazioak. Bihar, 19:00etan, Patxo Telleriak zuzendu duen Igelak film luzearen estreinaldia hartuko du Zugaza zinemak, eta zuzendariak eta aktoreek parte hartuko dute filmaren aurkezpenean. Bestalde, urrian Elorrion estreinatu zuten Argi film luzea ere ikusgai izango da Durangoko Azokan. Domekan izango da emanaldi hori, 19:00etan, eta Iratxe Mediavilla zuzendariak eta June Gomez aktoreak aurkeztuko dute filma. Iratxe Mediavilla elorriarrak bere herrian grabaturiko filma da Argi, aktore zerrendan Durangaldeko hainbat aktore dituena, gainera.
Dokumentalen atalean ere hainbat nobedade izango da Irudienean. Jon Maiak zuzenduriko Gutik zura lana estreinatuko da bertan, abenduaren 6an,11:00etan, eta baita Durangoko Bideografik ekoiztetxeak AIKO taldearen enkarguz osaturiko Jotamentala dokumentala ere. Bihar, 18:00etan aurkeztuko dute Eukeni Arriortua zuzendariak, Sabin Bikadik eta Patxi Labordetak Jotamentala.
Lan-taldean Durangaldeko hainbat aktore dauzkan Errementari filmaren aurkezpena ere hartuko du, besteak beste, Irudieneak. Eneko Sagardoy durangarra da film horren protagonista. Hain zuzen ere, Sagardoy da hizlarietako bat Irudienean egingo duten solasaldietan: euskarazko zinemaren sorkuntzaz eta kontsumoaz arituko da zapatuan, 15:00etan, Maria Elorza eta Amaia Garciagaz.