51. Durangoko Azoka

“Maitasun handiz egindako lana da, eta altxor handi bat familiakoontzat”

Itsaso Esteban 2016ko abe. 1a, 10:58

Iñaki Salvador, Itziar Barredo, Blanqui Gomez eta Roberto Pérez, joan zen zapatuan, Elorrioko kultur etxean egin zuten ekitaldiaren ostean.

Joan zen zapatuan Elorrioko Iturri kultur etxean egin zuten ekitaldian aurkeztu zuten Jesus Kerexetaren (Elorrio, 1922-2007) Bizitzaren abestiak disko liburua.

“Oso hunkigarria izan zen”, dio Blanqui Gomez Kerexetaren iloba eta disko liburu honen argitalpenaren bultzatzaileak. “Malkorik ere izan zen, baina poztasunak eragindakoak izan ziren”, azpimarratu du Gomezek. Osabaren pianoa eraman zuten Iturri Kultur Etxera, eta Kerexetak konposaturiko Kukua Mendrakan kantaren interpretazioagaz hasi zen ekitaldia, Itziar Barredo pianistaren eskutik. Ekitaldian zehar elorriarraren beste hainbat kanta ere izan ziren entzungai, Parisen, Mosu bat edota Begotxu laztana, kasurako.

Durangoko Azokako areto nagusian aurkeztuko dute, bihar, 13:30ean, disko liburua. Kerexetaren familiartekoek, Itziar Barredo pianistak eta Andoni Iturbe Bizkaiko Aldundiaren ordezkariak parte hartuko dute aurkezpenean. Lan kontuak direla medio, Iñaki Salvador ez da Durangoko Azokako aurkezpenean egongo, baina “modu birtualean” parte hartuko du.

Izan ere, Jesus Kerexetaren familiak proposatuta, Iñaki Salvador musikari donostiarra izan da argitalpenaren zuzendari musikala. “Balio handiko lana da, Kerexetak egin zuen konposizio lan oso handi baten konstantzia idatzia uzten  delako liburuaren bitartez”, azpimarratu du Salvadorrek.

Blanqui Gomez ilobak bultzaturiko ekimena da Jesus Kerexetaren partituren eta kanten bilduma hau. Nahiz eta modu profesionalean ez den horretan jardun, piano ikasketak egindakoa da Gomez, eta zaletasuna partekatzen zuen osabagaz. “Ni hiltzen naizen egunean zeuk zaindu hau guztia”, esaten ei zion Kerexeta osabak.

Hil zenean eskuratu zituen Gomezek osabaren piano grabazioak. Handik bi urtera, Ignacio Villota osabaren gaztetako lagunak deitu zion, haren musikagaz zer gertatu zen galdetzeko. “Pizgarria” izan zen Villotaren deia Kerexetaren ilobarentzat, eta osabaren musika berreskuratu eta gordetzeko proiektuagaz “bulegoetako ateak jotzen” ibili zen beste bi urtez. “Oso interesgarria, baina oso zaila” zela esaten zioten guztiek, harik eta Iñaki Salvadorregaz topo egin zuen arte.

Jesus Kerexetaren haurtzaroa eta gaztaroa kontatzen ditu liburuak, zailtasun maila ertaineko pianorako partiturak dakartza, eta Iñaki Salvadorrek idatziriko testu bat eta ordubeteko iraupeneko diskoa ere badakar. “Maitasun handiz egindako lana da”, dio Gomezek, “altxor handi bat familiakoontzat”. Gizarte osoarentzat ere hala izan dadin espero dute, eta liburuaren 500 ale plazaratu dituzte.

Kultura eta ausardia
Kerexeta pianista autodidakta zen, eta aparejadore egin zuen lan Elorrioko udalean. Iñaki Salvadorrek azpimarratu duenez, “musikari oso berezia zen Kerexeta: bere konposizioek kultura musikal handia erakusten dute, eta kalitate formal oso handikoak dira”. Musika klasikoan jardun arren, Kerexetak “arriskuak hartzeko” erakusten zuen ausardia nabarmentzen du Salvadorrek. “Inprobisatzeko ausardia hori ez da batere ohikoa musikari klasikoengan”, dio Salvadorrek. Blanqui Gomez ilobak gogora ekarri duenez, “buruz egiten zuen guztia”.

51. Durangoko Azoka honetan, Bizkaiko Aldundiaren, Elorrioko Udalaren eta Gerediaga Elkartearen erakusmahaietan topatu ahalko da Bizitzaren abestiak disko liburua. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!