Durangoko trafikoaren abiadura orduko 30 kilometrora bajatuko dute, istripuak murrizteko asmoz

Markel Onaindia 2016ko aza. 29a, 13:32

Durangoko gobernu taldeak prentsaurrekoa eman du, azken asteetako oinezkoen harrapaketen harira. Adierazi du istripu gehienak gidarien arreta faltagatik izan direla, batez ere telefonoa erabiltzeagatik. Hala ere, neurri batzuk iragarri ditu.

Herri osoko trafikoaren abiadura 30 km/h-ra bajatzea erabaki du udalak, oinezkoekin gertatutako istripuen ostean -denbora bat beharko ei du ezarpenak, seinalizazio aldaketa eta abarrengatik-. Gainera, Landako etorbideko argiztapena hobetuko dute, eta kontzientziazio kanpaina bat ere garatuko dute laster.

Aitziber Irigoras alkateak eta Pilar Ríos alkateordeak eman dituzte azalpenak, gobernu taldeko beste kide batzuren babesean. Lehenik eta behin, istripuen biktimek izandako kaltea sentitzen dutela adierazi dute. Azaroaren 12era bitarteko datuak jasota, aurten 16 harrapaketa egon dira. Horietatik 12 despisteengatik, eta gehienak telefonoa erabiltzeagatik gidatzeko unean.

Harrapatzeak, hiru aldiz gutxiago
Gero, hainbat datu tekniko eman dituzte, azken urtetan istripuak bajatu direla arrazoitzeko. 148 semaforoak kendu zirenetik, istripuak hiru aldiz gutxitu direla esan dute. 1990 eta 2003 artean, harrapaketen batazbestekoa 10,1ekoa zen 10.000 biztanleko; gaur egun, 2,8koa da datu teknikoa. Peatonalizazioari, argiztapen urratsei eta bidegorriari esker, besteak beste, bizikletaren erabilera 10 urtetan %0,7tik %8ra igo dela diote. Neurriok, azken 20 urtetan garatutako bide bati lotuta daudela dio udalak, alde zaharraren peatonalizazioagaz hasi zena, eta mugikortasun jasangarriaren planagaz jarraitu zuena.

Gaiak eztabaida eragin du azkenaldian, eta herritarrei lasaitasuna eskatu die gobernuak. "Ez dago lar kezkatzeko arrazoirik", Irigorasen berbetan. EH BIlduk mozio bat aurkeztuko du gaurko osoko bilkuran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!