Durangoko zebra-bideetan gertatu diren istripuek kezka eragin dute

Markel Onaindia 2016ko aza. 4a, 09:30

Argazkia: Lehior Elorriaga

Zer gertatzen da Durangoko zebra-bideetan? Azkenaldian istripu ugari gertatu dira, autoek oinezkoak harrapatuta. Kalean ahoz ahoz dabil gaia, eta baita hedabideetan zein sare sozialetan ere. Kausak argitzea eta soluzioak topatzea beharrezko ikusten dute askok.

Udaltzaingoak urriaren 12ra arte zenbatutako datuen arabera, aurten 10 oinezko harrapatu dituzte Durangon –gehienak zebra-bideetan diren arren, ez dute sailkapenik egin–.  Baina, urriaren 21ean eta 23an beste bi istripu gertatu ziren Madalenan eta  Larrasoloetan, eta joan zen barikuan, 80 urteko gizon batek 9 urteko ume bi harrapatu zituen. Beraz, dagoeneko 13 dira harrapaketak. Iaz 8 oinezko harrapatu zituzten; 2014an 14; eta 2013an  12. Ezin esan istripuak goraka doazenik, baina kopuru guztiak batuta, zer hobetu badagoela ikusi daiteke. Udaltzaingoaren esanetan, ez dago istripuak pilatzen diren puntu beltzik.

Semafororik ez
Durangoko Udalak herriko mugikortasuna hobetzeko estrategiak martxan ditu, eta horren baitan, trafikoa lasaitzea helburu zuten neurriak hartu zituen, oinezkoei eta txirrindulariei garrantzi gehiago emateko asmoz eta ingurugiroan pentsatuta. Hainbat kale norabide bakarreko bihurtu ziren, biribilguneak egin ziren, eta semaforoak kentzen hasi ziren; 2006an 148 semaforo zeuden herrian, eta 2013az geroztik Durangon ez dago semafororik. Gero ere, zebra-bideen egoera hobetzeko ekintzak garatu dituzte, iaz Fray Juan Zumarragako argiztapena indartzea, esaterako. Herri barneko abiadura 30km/h-ra bajatzeko ideia eztabaidatzen ere badabiltza, ANBOTOk jakin ahal izan duenez.

Horrez gainera, kontzientziazio dinamikak sustatu dituzte ume, gazte eta helduekin.

Istripu igoerarik ez
EAJ eta PSE-EEren gobernu taldearen arabera, ez da istripu igoerarik egon, alderantziz baizik. 1992tik 2003ra 10.000 biztanleko 10,1 harrapaketa gertatu zirela dio gobernuak, eta 2004tik  2013ra 2,9 izan zirela batez beste. Gaur egun, 2,8koa ei da datua.  Bizkaiko beste herri askotan, datua 5,3 dela nabarmendu dute gainera, eta Durango batez bestekoaren “oso behetik” dagoela.  “Egindako lanek emaitza onak eman dituzte, eta beste herri batzuentzat eredu gara”. Udal arduradunen iritziz, istripurik gehienak despisteengatik dira.

Azterketa beharraz
Zebra-bideetako istripuen gaia azken osoko bilkurara ere heldu zen, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea alderdien eskutik. Egoeraren inguruko azterketa bat egitea eskatu zuten biek. Dani Maeztuk (EH Bildu) adierazi zuen “erabaki ona” izan zela trafikoa berrantolatzea, baina berrazterketa beharrezkoa dela. Julían Riosen (HE) iritziz, segurtasuna indartzeko kontzientziazio kanpaina gehiago egin beharko lirateke.

"Ikaratuta gaude gertatzen dabilena ikusita"

Auto gidari batek Rosa Trinidaden semea harrapatu eta hil zuen bizikletan zihoala, 2004an. Hori gutxi ez, eta gidariak indemnizazioa eskatu zion familiari. Orduko borroka hartan gogortua, trafikoaren segurtasunagatik kezkatzen hasi zen, eta gaur egun Stop Accidentes Euskadiko ordezkaria da Trinidad durangarra. Hoberantz goazela uste du, baina hobetzeko asko dagoela ere bai.

Zelan jaso dituzu azkenaldiko istripuak?
Egia esan, ikaratuta gaude gertatzen dabilena ikusita. Gizarteari mezu bat bidaliko nioke: guztiok dugu zerikusia trafikoan, eta guztiok ipini behar dugu gure alea. Durangar guztiok gaude gai honegaz arduratuta. Negua heltzen dela ikusten dugu, eta istripuak gertatzeko arriskua handituko da.

Zergatik gertatzen dira zebra-bideetako istripuak?
Faktore askok eragiten dutela esango nuke. Tragedia horiek oinezkoen pasabideetan gertatu izana esanguratsua da. Seguruenik, gidaria despistatu egin da, eta ez du oinezkoa ikusi. Gaur egun, mugikorra asko erabiltzen da gidatzen den bitartean, eta areagotzen ari da, gainera. Tamalgarria da. Bestalde, argiztapena ere puntu garrantzitsua da. Hobetzen ahalegindu dira, baina, akaso, ez da behar beste edo behar bezala egin. Mugikortasunaz arduratzen den enpresa bat litzateke egokiena iritzia emateko. Analisi sakon bat egin beharra dago, istripuak izan diren lekuen edota orduen inguruan.  Aparte, zebra-bide batzuen alboetan kontainerrak daude, eta ikusteko gaitasuna murrizten dute; hori aztertu beharra dago. Horrez gainera, oinezkoek ere erru zati bat eduki genezake batzuetan, ez dugulako begiratzen gurutzatu aurretik.

Ez da berdina eguzkiagaz edo euriagaz gidatzea.
Ezin dira abiadura berdinean joan. Erreakzio gaitasuna ez da berdina 30 km/h edo 40 km/h bazoaz, eta segundo bat oso garrantzitsua da sarritan.

Eta alkohola edo drogak badaude tartean...
Arduragabea da, gaitasuna murrizten delako. Bakoitzak egin dezala gura duena bere bizitzagaz, baina ibilgailu bat gidatzen zauden unean, gainerakoen bizia arriskuan jartzen zabiltzala ulertu behar duzu.

Bizikletek harrapatu dituztenen kasuak ere badaude...
Batzuk, batez ere gazteak, zoroen moduan doaz. San Faustotik datorren bidegorriko zebra-bidean txirrindulari batek jota minusbalia bat duen pertsona batek deitu zidan, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!