Mikel Nuñez: "Oso zaila da banda oso bat mugitzea"

Aimar Esteban 2016ko aza. 23a, 10:15

Domekan, arratsaldeko 13:00etan, Plateruenako oholtza gainera igoko dira Josu Bergara, Eako kantautorea, eta Mikel Nuñez, piano-jole durangarra, formatu txikiko kontzertua eskaintzera. 

Bikoteak Josu Bergararen Kanta txikien indarra diskoa, aurkeztuko du Durangoko Plateruena Antzokian. “Taberna eta kultur etxeetan arratsalde edo gauez egin ohi ditugu emanaldiak baina ordu batetan, poteo orduan, ez dakigu zer aurkituko dugun”, aitortu du piano-joleak ez ohiko ordutegiari arreta jarriz.

Abeslariaren laugarren diskoa, Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatutako lana da. Grabazio horretan banda osoarekin jotzeko aukera izan zuten. Oraingoan, bikotea bakarrik agertuko da eszenatokian, formatu txiki eta gertukoa eskainiz. “Normalean hirukote formatuan jotzen dugu. Oso zaila da banda oso bat mugitzea”, adierazi du Nuñezek.

Hirugarren diskotik kolaboratzen du Mikel Nuñez durangarrak  Josu Bergararekin. “Beste musikari batzuen abestiak jotzea oso aberasgarria dela uste dut eta gainera Josuren kantak atsegin ditut”. Momentuz, kolaborazio honekin jarraitzeko asmoa daukate. Epe batean atsedena hartu aurretik, azken kontzertua izango da Plateruenakoa. Uda aldera kontzertu gehiagorekin itzuliko dira. Bitartean, Mikel Nuñez hainbat proiektuetan murgilduta dago eta buruan dauka bere proiektu propioa prestatzea baina “oraindik ez dago ezer zehatzik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!