Iaz sortu zuten emakumeen talde nagusia Ezkurdin. Eskailerari falta zitzaion maila gehitu zioten. Gaur egun 11 urtegaz klubera batzen diren gaztetxoek badakite egunen batean nagusien taldean aritzeko aukera izan dezaketela, eta hori pizgarri bat da. 33 neskagaz hasi ziren; hurrengo urtean 60 zituzten, eta aurten 80 dabiltza: 18 haur-kategorian, 21 kadeteetan, 19 gazteetan eta 22 nagusietan. Hainbat gaztek debutatu dute nagusien taldean. Orain asteburu bi hat-tricka sartu zuen Laura Romero da horietako bat. Gazte denen errendimendua goraipatu du Julen Bedoya entrenatzaileak: “Ausardia handiagaz jokatzen dute. Kontuan hartu behar da kluba gaztetatik ezagutzen dutela, urte asko daramatzate eta klub bat baino gehiago familia bat gara. Hori igarri egiten da”.
Beraz, taldea uzten dutenen ordezkoa etxean bertan aurkitu dezakete. “Askok esaten digute: ezagutzen duzue talde honetako jokalari hau? Deitu diozue? Ezagutzen ditugu eta deitu izan diogu baten bati, baina, oro har, ez dugu inor ekarri beharrik. Etxean duguna baino hoberik ez dago inguruan”.
Hain justu, normalagoa da kontrako norabidea: “Aurten bost jokalari Eibarrera joan dira, eta Irene Ogiza Athleticegaz dabil. Horrek poza ematen du, egiten ari garen lanaren erakusle delako. Ezkurdi jokalarien erakusleiho da gaur egun”.
Nagusiak, bikain
Nagusien taldeak orbanik gabeko denboraldia darama orain arte: bostetik bost garaipen. Lider daude. Igoera fasera sailkatzea eta iazko laugarren postua hobetzea dute helburu.
Azpimarragarria da Nayade Barrutietak eta Jenifer Rubiok erasoan osatzen duten bikotea. Bizkaiko mailako goleatzaile nagusiak dira, zortzina golekin. Ezkurdiren 23 goletatik 16 sartu dituzte. Goleatzaile petoak dira. Iaz 50 gol sartu zituen Barrutietak, eta 30 bat Rubiok.