Magdalena anaien eskutik, maitasuna zer ote den argituko dute Txomintxok eta Perutxok

Itsaso Esteban 2016ko aza. 17a, 09:56

Txomintxo eta Perutxo maiteminduta liburu berria aurkeztuko dute Peru eta Txomin Magdalena durangarrek, bihar, 18:30ean, Hitz liburu-dendan.

 

Txomintxo eta Perutxo pertsonaien abenturen kapitulu berri bat plazaratu dute Peru eta Txomin Magdalena durangarrek, Elkar argitaletxeagaz. Txomintxo eta Perutxo maiteminduta daude ipuin berrian, eta istorio berria aurkeztuko dute egileek, bihar, 18:30ean, Hitz liburu-dendan. Aurreratu duenez, Durangoko Azokan ere egongo dira irakurleekin hartu-eman zuzena edukitzeko prest. 

Txomintxo eta Perutxoren istorio guztiak aurkeztu izan dituzte beraien herriko Hitz liburu-dendan, eta Txomin Magdalenak kontatu duenez, aurreko liburua han aurkeztu zutenean sortu zitzaien liburu honetarako ideia: “Txomintxok eta Perutxok nobiarik ez ote daukaten galdetu zigun ume batek, eta hortik tiraka sortu da istorio berri hau”.

Beraien sentimenduei izenik edo mugarik ezarri barik maitemindu dira, bai: bata besteagaz, lagunekin... Eta ondorio interesgarriak atera dituzte. Txomintxo pertsonaiak liburu berrian dioen bezala, “nik uste dut horiek oso pozik daudela elkarrekin, izan daiteke hori maiteminduta egotea”.

Beste ikuspuntu batetik

Moralista izan barik, maitasuna ulertzeko modu ireki bat erakusten du liburuak. “Hainbestetan ikuspuntu berdinetik landu den gai horri begiratzeko beste modu bat proposatzen dugu”, dio Peruk. “Gero eta liburu gehiago dago bestelako ereduak erakusten dituztenak, eta bide horretan beste ale bat da hau”, gehitu du Txominek, “betiere naturaltasunez landua, eta dibertsioagaz lotua”. 

Haur hezkuntzan irakaslea da Txomin, eta besteak beste, umeen irakurketa klubak dinamizatzen ibiltzen da Peru. Lehen eskuko harremana dute, beraz, umeekin, eta horrek eragina du beraientzat sortzen dituzten lanetan: “Uste dut gero eta hobeto ulertzen ditugula umeak eta gustatzen zaien literatura mota: dibertsioa dute gustuko, lar moralista bazoaz, segituan harrapatu eta alboratzen zaituzte...”. 

Txomintxo eta Perutxoren aurreko istorioetarako bezala, Iosu Mitxelenak egin ditu Txomintxo eta Perutxo maiteminduta liburuko ilustrazioak ere, eta Magdalenatarrak oso pozik daude beragaz: “Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta asko disfrutatzen dugu beragaz; idatzitakoa irudikatzera mugatu barik, istorio paraleloak sortzen ditu bere irudiekin”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!