"Milaka dira omenduak izan daitezkeen oinarrizko kultur langileak, baina denen izenean lurralde bakoitzeko pertsona batek jasoko du saria", azaldu Nerea Mujika Gerediagako presidenteak, gaur, Plateruenean eskaini duten prentsaurrekoan. Horrenbestez, Bizkaiko kultur eragileen ordezkari izango da Justo Alberdi iurretarra, eta disporakoena Zengotitabengo zaldibartarra. Kepa Mendia arabarra, Jaime Albillos gipuzkoarra, Iparraldeko Patxika Errmuzpe eta Mari Carmen Belaza nafarra ere sarituko dituzte, abenduaren 3an, San Agustin kulturgunean egingo duten ekitaldian.
51. Durangoko Azokako omenduen izenak aurreratzeaz gainera, hainbat kultur diziplinaren topaleku diren Druangoko Azokako guneen aurtengo eskaintzaren berri ere eman dute, gaurko agerraldian. Abenduaren 2tik 6ra Durango euskal kulturaren plaza bihurtuko duten Areto Nagusia, Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena, Irudienea, Szenatokia, Kabia eta Azoka TB guneen ordezkariak izan dira prentsaurrekoan.
Azken urteetan bezala, berbaldiak, tailerrak, aurkezpenak, kontzertuak, edota antzerki zein film emanaldiak izango dira, besteak beste, zortzi gune horietan. Landakogunetik San Agustin kulturguneraino hedatuko den kulturaren plaza horretan, 200 ekitaldi baino gehiago izango dira aukeran: 45 aurkezpen izango dira Areto Nagusian; 120 Ahotsenean; Azokako egun guztietan hartuko du kontzertu bat Plateruenak; film emanaldiak eta tailerrak izango dira Zugaza zinemako Irudienea gunean; antzerki emanaldiak San Agustin kulturguneko Szenatokian; kultura digitaleko euskal komunitateen elkargune izango da Kabia; literaturagaz gozatu eta hizkuntzarekin jolasteko aukera izango dute umeek Berbaro elkarteak kudeatzen duen Saguganbara gunean; eta euskal kulturaren inguruko kanal tematikoa eskainiko du Azoka Telebistak.
Elkarlanean osaturiko programazio zabal horretaz "harro" daudela azpimarratu du Nerea Mujikak gaurko agerraldian, eta gonbidapena luzatu du: "Azokaren esperientzia bizitzekoa da; zuek etorri, guk prest izango dugu dena". Abenduaren 2tik 6ra Durangoko Azokara datorren bisitariak kultur ekoizpeneko 349 nobedade ere topatuko ditu 246 erakustokitan.