Cecilia Paganini clown-ak eskainitako antzerki zikloaren barruan, emanaldi bat egingo dute Sapuetxen, hilean behin. “Gaztetxea berriztatu ostean, eszenatokia ikusi eta Sapuetxeko asanbladari La noche boluda bertan aurkezteko ideia planteatu nien”, azaldu du antzezle argentinarrak.
Antzerkia formatu txiki batean formulatuz, publikoarenganako hurbiltasuna bilatzen dute. Giro honetan, pintxoak eta edaria ere eskainiko dituzte. “Pintxo-potearen alternatiba bat izateko aukeratu genuen eguenetan egitea”, aitortu du Paganinik. Antzezlanetik haratago, hurbilagoa izan dadin, antzezleekin hitz egiteko aukera egongo da, bai ikuskizuna hasi aurretik, bai amaitu ostean. Sarreraren prezioa hiru eurokoa izango da.
Aurreko hilean hasi zuten kurtso berria, kabareta eginez. Hurrengo hilerako, Maite Guevara bilbotarra egongo da Soltarlo al aire lanarekin, eta urtarrilean, Badut talde donostiarrak Zirriborro aurkeztuko du. Ekainerako kabareta egin gura dute, “artista berriek beraien ikuskizun eta proiektu txikiak erakutsi ahal izateko”.