Ezaguna zenuen Begira?
Bai, tailer bat ematera gonbidatu ninduen Leo Simoesek duela urte batzuk. Asko gozatu nuen, eta uste dut tailerrera etorri zirenek ere disfrutatu zutela.
Zer funtzio daukate, zure ustez, Begira moduko jaialdiek irudien “saturazio” sasoiotan?
Kontzeptuak argitu eta motibatzea, zalantzarik barik. Hain popularra izan arren, arlo konplexu eta ezezaguna ere bada argazkilaritza. Horregatik, berau ezagutzera emateko antolatutako ekimen guztiak aproposak direla uste dut.
Kritika fotografikoa izango da zure berbaldiaren ardatza. Zein da egungo egoera?
Nire ustez, argazki “kritika” ez litzateke obra bat ona edo txarra den epaitzen duen testu bat izan behar, obraren osagaiak ezagutaraziz ikuslearen begirada aberasten duen iritzia baizik. Obra baten zentzua hobeto ulertzen lagundu behar luke kritikariak. Velazquezen obrari buruzko liburu bat irakurtzean ulertzen dugu ideia hori ondo: kontua ez da Velázquez margolari ona edo txarra zen esatea, bere margogintzan barneratzeko gakoak ematea baizik. Hori da ideia, argazkietan zorroztasunez barneratzea.
Kritika mota hori hemen ez dela existitzen diozu. Badaude eredugarri iruditzen zaizkizun bestelako errealitateak?
Bai, herrialde anglosaxoietan argazki kritika bikaina daukate, esaterako, eta Europan, orokorrean, bibliografia landua. Herrialde horietan argazkigintza “serio” hartu izan dute hasieratik. Hemen, aldiz, zinemagaz, literaturagaz eta arteagaz konparatuta, ez daukagu kritika tradiziorik. Edozelan ere, estetika eta lengoaiaren arloan gauza interesgarriak egiten dabiltzan hainbat autore dauzkagu, eta baita argazkigintzaren inguruko hausnarketa sakonak egiten dabiltzanak ere.
Zergatik uste duzu ez dela argazki kritika hori garatu?
Argazki kamera oroitzapen ederrak gordetzeko balio duen “jostailua” izan da sortu zenetik, asmakizun familiar eta bereziki burgesa, asteburuko zaletasun polit bat... Abiapuntu horretatik adierazpenerako eta sorkuntzarako pausoa ematea ez da bi eguneko kontua. Argazkigintzarekiko ezagutza eza, eta, aldi berean, argazkiak egiteko erraztasuna dira, nire ustez, argazkigintzaren egungo oztopo nagusiak.
Zer darabilzu eskuartean?
Nire argazki, bideo, erakusketa eta liburuekin jarraitzen dut. Hainbeste urteren ostean, gustuko dut oraindik, eta zorioneko sentitzen naiz.