Aldundiak eginiko balio katastralaren aldaketak zeresana ematen jarraitzen du. 140.000 eurotik gorako balioa emandako etxeei 0,5eko indizea ezarri zien udalak maiatzean, eta EH Bilduren ustez, "akatsa" izan zen. Antza denez, trastelekuak eta garajeak kontuan hartu zituzten, eta horren eraginez, etxe askok behar baino balio handiagoa jaso zuten. Guztira, 1.000 etxe inguru; txalet eta etxe handiez aparte, auzo zaharretako edota alde zaharreko etxe asko, adibidez.
EH Bilduk azaldu du arauaren aldaketa bultzatu dutela, "gutxien dutenek gutxiago ordaintzeko". Pribilejiorako kontuan hartuko den balioa, 180.000 eurokotik gorakoa izango da; 2017an 0,5eko indizea edukiko dute, eta 2018an 0,6koa. Besteek, 0,2ko indizea edukiko dute.
Laguntzak eta alokairua
Katastroa eguneratzearen ondorioz, zerga bilketa nabarmen igoko da. Aurten higiezinen ordenantzagaz 109.000 euro jaso baditu udalak, 2017an 230.000 izango dira, eta 2018an 328.000. Irabazi horregaz, irizpide sozialen araberako diru-laguntzak eskainiko dituzte -maiatzean jada iragarri zuten-, eta EH Bilduk alokairu sozialeko politikan inbertitzea ere eskatu du.
Aholkua ematea
Horrez aparte, Herritarren Arretarako Zerbitzuan aholkua emateko eta alegazioetan laguntzeko langile bat egotea eskatu du koalizioak. Gobernu taldeari kritika ere egin dio, bere sasoian alegazioak ez egitearren; dagoeneko herritarrek soilik egin ahal dituzte.
Koalizioko zinegotzien esanetan, udalean kexa ugari jaso dira azkenaldian arauagatik. Behin aldatzen denean, ordainketa zatika egin ahal izatea ere proposatu dute.