2011n Pablo Sarasate nazioarteko biolin lehiaketan saria jaso zuen zapatuan Durangoko arituko den Ana Maria Valderrama musikari madrildarrak, eta Luis del Valle pianistak lagunduta arituko San Frantzisko elizan. Sarasateren obrak interpretatzea da Valderramaren espezialitatea, eta autore horrenak izango dira bere errepertorioan protagonismo handiena izango dutenak, baina Chopin, Schubert edota Brahms-en obrak ere interpretatuko ditu, Durangoko Musika Hamabostaldian.
Aitziber Irigoras Durangoko alkateak aurkezpen ekitaldian adierazi duenez, Musika Hamabostaldiaren kalitatearen eta dibulgazioaren aldeko orekaren adibide da aurten hiru hitzordu dakartzan programazioa. Ildo horretatik, Alfredo Sanz Musika Eskolako zuzendariak azpimarratu du, XXVII. Musika Hamabostaldiko hiru proposamenak direla nazioartean goraipatuak.
Musika Hamabostaldiko hiru emanaldien aniztasunaz ere jardun da Sanz: "Valderramarena bezala, ganbera musika emanaldia izango da bigarren hitzordukoa ere, baina kasu honetan, aintzinako musika ardatz hartuta". Enrique Solinis gitarristaren eta Euskal Barrokensamble taldearen Hego koloreak ikuskizuna izango da gozagai zikloaren bigarren hitzorduan. Beste bi kontzertuak debaldekoak izango dira, baina 10 euroko sarrera ordaindu beharko da Enrique Solinis eta Euskal Barrokensamble entzuteko.
Arandoño elkartearen eskutik, formatu handiko kontzertu bategaz amaituko da 2016ko Musika Hamabostaldia: Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta Aarón Ribas organistaren emanaldiagaz. Hydn, Liszt eta Widoren obrak interpretatuko dituzte kontzertu horretan. Xabier Aranak azaldu duenez, elizako koruaren azpian kokatuko dute orkestra, eta Arandoño elkarteak antolatzen dituen kontzertuetan ohikoa denez, organistaren irudiak pantaila batean eskainiko dizkiete entzuleei.
Programazioa
· Azaroaren 12an, 20:00etan, Biolin kontzertua, San Frantzisko elizan
· Azaroaren 19an, 20:00etan, Enrique Solinis & Euskal Barrokensamble, San Agustin kulturgunean
· Abenduaren 17an, 20:15ean, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Organoa, Andra Mari elizan