"Nabarmentzea gustatzen zait, eta mundu hau primeran datorkit"

Aitziber Basauri 2016ko aza. 7a, 09:15

Ixone Gil (Gu Ta Gutarrak telebista saioko partaidea)

Irailetik Gu Ta Gutarrak telebista saioan ikusi dezakegu Ixone Gil (Durango, 1997). Oso pozik dago esperientziagaz, eta, aitortu duenez, bertigoari aurre egitea lortu du 120 metroko altueratik salto eginda.

Nolatan ‘Gu Ta Gutarrak’-en?
Egia esan, ez dut inoiz Gu Ta Gutarrak jarraitu. Baina,  facebook bitartez casting-ean parte hartzeko aukera eskaini zidaten, eta animatu egin nintzen. Hiru orduren ostean, onartu nindutela esan zidaten. Pertsonaia iruditu nintzaien, bestela ulertezina da!  

Eta ‘pertsonaia’ zara?
Pertsonaia edo... beti nago barrez, eta adar-jotzailea naiz. Dibertigarria. Telebistara begira erakargarria da hori (barrez).

Lehenengoz bizi duzu horrelako esperientzia bat?
Bai, eta oso polita da. Laguna izendatu beharrean egon zaitezke, kaleratu dezaten, baina jende piloa ezagutzen ari naiz, eta hainbat toki ere bai; hainbat jarduera egiten ditugu, gainera. Ez dira horrelako aukera asko sortzen. Askok gura lukete nire tokian egon, eta itzelean aprobetxatzen ari naiz.

Gustuko duzu argi eta fokuen mundu hori?
Oso gustuko! Hasieran oso lotsatuta nengoen. Bospasei kamera eta zortzi foku, jende piloa grabatzen, grabazioa eten, berriz hasi... inpresio apur bat eman zidan. Baina, orain, kamerak daudela ere ahaztuta daukat. Nabarmentzea gustatzen zait, eta mundu hau primeran datorkit!

Telebistaren munduak harritu egin zaitu?
Bai, jende piloa dago hor gu eroso egoteko, guk lan egiteko... begira. Eta geuk ere lan mordoa egiten dugu. Saio bakarrerako 200 bat lagun egongo dira, laguntzeko, gauzak errazteko... Horrek harritu nau. Izarra dirudizu, eta denoi gustatzen zaigu hori! Itxaron behar hori daramat txarren: minutu t’erdiko bideo baterako lau ordu grabatu behar ditugu.

Halako saio baterako, apur bat lotsabakoa ere izan behar da?
Bai. Ezezagunekin egon behar duzu elkarbizitzan, eta badaude diren modukoak izatea lortzen ez dutenak, lotsagatik. Ni, ostera, naizen modukoa naiz beti. Horrelako saio batean egoteko, kendu egin behar dira lotsa eta konplexuak. Orduoro grabatzen ari dira, eta lotsa kendu beharra dago ondo pasatzeko.

Gogorra da elkarbizitza?
Ez da erraza, bakoitzak bere maniak ditu. Oso irekiak gara, eta arazoren bat sortu bada hitz egin dugu. Nik neuk ez dut inogaz liskarrik izan. Baina, egon egon dira, elkarbizitzagatik eta mutilengatik. Hamabi lagun gara, eta batzuekin beste batzuekin baino hobeto konpontzen zara.

Orduoro grabatzen zaituzte?
Askok uste dute aterpetxean botata gaudela, baina lan pila egiten dugu. 07:00etan altxatzen gara, eta gauerdira arte etengabe ari gara grabatzen. Hainbat kamera eta foku egun osoan gainean izateak nekatu egiten du. Une bat ere ez gaude eserita.

‘Reality show’-ei buruz, zein iritzi duzu?
Gran Hermano-n antza dauka Gu Ta Gutarrak-ek. Haiek hiru hilean daude etxe batean sartuta, eta gu hamabost egunero goaz aterpetxera batera. Egia esan, Gu Ta Gutarrak-i buruzko iritzi oso txarra neukan. Audientzia lortzeko, dena prestatuta zegoela uste nuen, eta ez da horrela. Gertatzen dena grabatzen dute, ez dago ezer aurretik prestatuta. Benetako harremanak sortzen dira, benetako lagunak ditut Gu Ta Gutarraken. Polita da hori.

Kalean ezagutzen zaituzte?
Durangon gutxik. Hiru bider gertatu zait ezagutu izana, eta autografoa eskatu didate. Sanfaustoetan gertatu zait. Donostian, berriz, itzela da. Gipuzkoan audientzia handia du, eta platotik irtetean ilarak  ere izaten dira. Argazkiak eskatzen dizkidate,  eta ez naiz lotsatzen, baina...  nor naiz, ba, ni!

Ondo daramazu?
Bai. Bi bizitza ditut zelanbait esateko. Hemen, Durangon, lan eta ikasi egiten dut, eta Donostian, Gu Ta Gutarraken 12. lehiakidea naiz. Donostian nire egoak gora egiten du, eta Durangora heltzean.... Durangon sumatu dut begira geratu zaizkidala, berbaroa... baina Donostian zuzenean etortzen zaizkit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!