Durango Nissan-Gaursari puntu baliotsuek ihes egin diote partiduetako azken minutuetan

Joseba Derteano 2016ko aza. 4a, 13:00

Durango-Nissan-Gaursa gizonen talde nagusia, Durangon egin zuten aurkezpenean.

Durango Nissan-Gaursa gizonen talde nagusiaren aurtengo helburua Ohorezko B Mailako aurreneko seiren artean sailkatzea da, modu horretara igoera fasea jokatu ahal izateko. Ligaren herenera heltzear daudela, markatutako bidean daude, zazpigarren tokian, baina, aldi berean, gorago egoteko aukerak alferrik galdu dituzten sentsazioa ere ezin dute ezkutatu.

Partidu batzuetan, azken 10 minutuetan loturik ematen zuten puntu batzuek ihes egin diete: “Asko barkatu dugu, defentsan akatsak izan ditugu, eta puntu dezente utzi ditugu bidean”, azaldu du Oskar Astarloa entrenatzaileak.

Horren adibide bat Bera Bera taldearen kontrako neurketa da. Partiduko zati handienean aurretik joan ziren ligako talderik indartsuenetakoaren kontra, baina bigarren zatian “lo irten” zirela onartu du Astarloak, eta azkenean galdu egin zuten: 15-19.

Burgosen kontrako liga estreinaldia da beste adibide bat. Gaurko liderraren aurka “partidu ona” egiten eta 12-20 irabazten zebiltzan, harik eta azken minutuetan Burgosek partidua irauli zuen arte: 28-20: “Partiduek 80 minutu irauten dute, eta amaitu arte topera ez bagaude, horrelakoak gertatzen dira”.

Gaztetasuna izan daiteke arazoa ulertzeko gakoetako bat, Astarloaren ustez. DRTk jokalari gazteak ditu, eta esperientzia inportantea da partiduetako azken txanpetan. Postu garrantzitsuetan hainbat baja ere izan dituzte: Iker Zabalak eta Mikel Blancok, esaterako, ezin izan dituzte azken partidu biak jokatu.

Zapatu honetan, 18:00etan, Eibar taldeak bisitatuko du Arripausueta, eta Blanco jokatzeko moduan egon daiteke. Ligako azken aurreko sailkatuaren kontra garaipena bakarrik dute buruan. Izan ere, markatutako helburuen barruan daude; lau puntura dute seigarren postua. Errugbian puntuak ez baitatoz garaipenetik bakarrik: lau puntu batu dituzte entsegu kopuruengatik edo puntu gutxiren aldeagaz galtzeagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!