Bogoroditsie abesbatza Durangon jaio zen orain dela hogei urte eta urte hauetan “denetarik egon da, momentu onak, momentu txarrak, proiektu asko. Ia geldituta egon garen denbora bat ere izan dugu”, aitortu du abesbatzaren kidea den David Romanek. “Bogoroditsie abesbatza hasi ginenean hogei bat urte geneuzkan eta orain berrogei bat, bizitza bezala dena aldatzen joan da” aipatzen du.
Zapatuko kontzertua berezia izango da. “Sorpresa bat izango da baita guretzat ere”, adierazi du Romanek. Ion Ugarrizak, taldeko zuzendariak, bost lan propio aurkeztuko ditu abesbatzaren errepertorio ohiari gehituko zaiena. “Publiko orori zuzendutako kontzertua izango da eta Andra Marira ahalik eta jende gehien hurbiltzea gura dugu”. Noizbait abesbatzaren parte izandako guztiei ekitaldi amaieran Madinaren Aita Gurea abestera gonbidatzen diete.
Ospakizun honen ondoren Musikaste-k antolatutako Ez dok hamairu taldeari egingo zaion omenaldian parte hartuko dute, azaroaren 22an Iruñean, eta 27an Donostian. “Datorren urtera begira proiektuak irtengo dira, guk musika egiten jarraitu nahi dugu”.