Emakumeen lasterketa antolatu dute azaroaren 26an eta batutako dirua Andraguneari emango diote

Anboto 2016ko aza. 2a, 18:37

Durango Kirol Taldeak bere ekarpena egin gura dio Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunari.

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da eta data horri elkartasuna erakusteko asmoz, Emakumeen Lasterketa antolatu dute Durango Kirol taldeak eta Durangoko Udaleko Berdintasun Sailak elkarlanean. Hau da, emakumeek bakarrik parte hartu dezaketen lasterketa izango da.

Lasterketa solidarioa da eta izen-emateagaz batutako dirua —gastuak kenduta— Andraguneari emango diote. Izen-ematea 10 euro da (kamiseta barne) eta azaroaren 25era arte dago zabalik www.herrikrosa.eus webgunean.

Era berean, azaroaren 21etik 25era ‘Emakumeenganako indarkeriarik ez ‘ dioen pegatina eskuratzeko aukera egongo da euro baten truke Andragunean. Pegatinetan jasotako diru guztia ere Andragunearentzat izango da.

Azaroaren 25eko nazioarteko egunaren harira “guk ere gure ekarpena egin gura genuen eta dakigun moduan egin dugu, lasterketa bat antoatuz”, azaldu du Juan Sampedro Durango Kirol Taldeko arduradunak.

Emakumeen Lasterketa azaroaren 26an, 17:00etan, hasiko da.  Ezkurdin izango ditu irteera eta helmuga. Atletismo pistaren atzealdeko bidegorritik, Fray Juan de Zumarraga kaletik, eta Askatasun etorbidetik diseinatu dute 5 kilometroko ibilbidea.

Aurretik lasterketa irekia

16:55ean beste lasterketa bat hasiko da, laburra eta ez-lehiakorra, gura duten denentzako irekita egongo dena, gizon zein emakume. Seme-alebekin egiteko modukoa izango da, antolatzaileen esanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!