Gerraren tragedia komediara dakar Ganso&Ciak

Anboto 2016ko aza. 2a, 14:00

Ganso&Cia konpainiak familientzako antzezlan berria estreinatuko du asteburu honetan Durangoko San Agustinen.

“Klownak normalean beti dira galtzaileak, eta errefuxiatuek ere galtzaile izateko boleto guztiak dituzte”. Gorka Gansok antzekotasuna ikusi du klownen eta gerretatik ihesi datozenen egoeran, eta hain zuzen ere, horixe da Ganso&Cia konpainiaren lan berriaren ardatzetako bat. Transgresioaren bidez “barrenak astintzea” lortu nahi dute. Edozelan ere, “baikortasunetik eta barretik” landu gura dute gai latz hori, umorea baita euren antzerki estiloaren oinarria. Beraz, barrea eta emozioa sortzera dator Kaput deitu duten lana, zapatuan eta domekan San Agustin kulturgunean estreinatuko dutena, 18:00etan.

Gorka Gansogaz batera, Txefo Rodriguez igoko da taulara, edo hobe esanda, antzezpenerako prestatu duten auto zaharrera. Zuzendaritzarako, Jimena Cavaletti argentinarraren ekarpena eduki dute, Topaklownen irakasle lez aritu izan dena, eta Cecilia Paganini –Ganso&Cia bikotea osatzen du– ere ibili da sorkuntzan zein zuzendaritzan.

Kaletik datoz Ganso&Cia taldeko aktoreak, eta Euskal Herrian erreferentzia lortu dute. Asteburu honetako saioen amaieran, ikusleek protagonistei galderak edo ekarpenak egiteko aukera egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!