Shakespeare, Cervantes edota Txirrita Durangora dakartza 'Hitzari gorazarre' zikloak, azaroan

Shakespeare, Cervantes edota Txirrita Durangora dakartza 'Hitzari gorazarre' zikloak, azaroan
Berbaro, Karrika, Plateruena, Udal Biblioteka eta Gerediaga Elkartearen ordezkariek aurkeztu dute egitaraua.

Shakespeare, Cervantes, Kirikiño, Txirrita, edo Arrese Beitia idazle eta bertsolarien urteurren eta ospakizun urtea da 2016, eta autore horien literaturaren bueltan elkartzeko proposamena luzatu dute, Durangon. Hitzari gorazarre zikloa prestatu dute herriko hainbat eragilek eta erakundek, azarorako. Udal Bibliotekan aurkeztu dute egitaraua, gaur.

Auzolanean antolaturiko adin guztientzako moduko ekintzak jasotzen ditu Hitzari gorazarre zikloak, datorren hilean Durangoko hainbat kale eta aretotan izango direnak. Azaroaren 4an izango da lehenengo hitzordua: helduentzako saioa eskainiko du Joxemari Carrere ipuin kontalariak, Udal Bibliotekan.

Koldo Izagirreren berbaldia, bertso-trama, literatur instalazioa, ibilbide literarioa, irakurle klubaren saio berezia, eta antzerkia izango dira zikloaren eskaintza. Durangoko Karrika antzerki taldearen emanaldi bategaz amaituko da zikloa, azaroaren 18an: Deshakeaspearezioa obra prestatu dute, Shakespearen hainbat testu oinarri hartuta. 

Izena eman beharra dago Gerediaga elkarteak antolatu duen ibilbidean (gerediaga@gerediaga.eus helbidera idatzita), eta Udal Bibliotekan burutuko duten literatur instalazioan parte hartzeko. Bibliotekan apuntatu daiteke Miriam Peñak eta Peru Magdalenak 9 eta 12 urte arteko umeentzat burutuko duten  instalazio horretan parte hartzeko.

Durangoko Udal Bibliotekak, San Agustin kulturguneak, Karrika antzerki taldeak, Gerediaga eta Berbaro elkarteek, Durangaldeko bertso eskolak eta Plateruenak antolatu dute zikloa, eta Durangoko Udalaren laguntza jaso dute honako egitarau hau osatzeko:

· AZAROAREN 4an, 19:00etan: Ipuin berriak, Carrerek jarriak, Udal Bibliotekan.

· AZAROAREN 9an, 19:30ean: Musde Kixot zaldunaren mentura ikaragarriak euskaldunon munduan, Plateruena Kafe Antzokian.

· AZAROAREN 11n, 22:00etan: Bertso trama Jon Maia, Miren Amuriza, Eneko Abasolo Abarkas eta Txaber Altubegaz, Plateruena Kafe Antzokian.

· AZAROAREN 12an, 11:00etan: Durangaldeko idazleak Durangon zehar ibilbide literarioa, Santanan hasita.

· AZAROAREN 16an, 19:00etan: Hamlet obraren inguruko irakurle klubaren saioa, Danele Sarriugarte idazleagaz, Udal Bibliotekan.

· AZAROAREN 18an, 22:00etan: Deshakeaspearezioa antzezlana, San Agustin kulturgunean.