“Taldeko askok txikitatik elkar ezagutzen dugu, eta hori islatu egiten da zelaian”

Joseba Derteano 2016ko urr. 20a, 11:30

Nagusietako lehen urte biak Iurretakon eman zituen; iaz itzuli zen, eta aurten Amorebietagaz egin du aurredenboraldia.

Ekain Zenitagoiak (Durango, 1994) hiru gol sartu zituen joan zen asteburuan, Durangoko Kulturalak Deuston lortutako garaipenean (2-4). Bere ibilbideko lehenengo hat tricka izan zen. Erdilari bat partidu berean atea hiru bider zulatzen ikustea ez da batere ohikoa, eta taldearen liga hasiera eta dinamika ona islatzen du. Kulturala hirugarren dago, bederatzi partidutan bost garaipen eta porrot bategaz.

Orain urte bi igoerako play offa jokatu zuen taldea lorpena errepikatzeko moduan egon daitekeela uste du Zenitagoiak: “Talde  sendoa dugu, eta oso ondo jokatzen gabiltza. Play offa jokatu gura dugu. Ikusten dugu aukerak ditugula, eta horretara joango gara”, dio anbiziotsu. Taldearen ibilbide onaren arrazoi nagusietako bat euren arteko “giro ona” da, eta horretan asko laguntzen du etxeko jende asko egoteak. Zenitagoia bera Kulturaleko harrobian hezitako jokalaria da: “Taldeko asko durangarrak gara, eta aspalditik elkar ezagutzen dugu. Txikitatik Kulturaleko harrobian egon gara asko. Horrek elkarregaz denbora gehiago egoteko aukera ematen digu, afariak egiteko… eta konfiantza sortzeko. Hori islatu egiten da zelaian”.

Fitxaketen ekarpena ere garrantzitsua izaten ari da. Josu Egaña eta Jagoba Portillo Bermeotik, Julen Uribesalgo Ondarroatik, Javi Alonso durangarra Baskoniatik eta Iurgi Txopitea Lekeitiotik dira aurtengo aurpegi berriak.

Denak Igor Nuñezen aginduetara dabiltza: “Entrenatzaileagaz oso giro ona dago. Zugaz berba egiten du, eta nire ustez, komunikazioa inportantea da; zugana etorri eta zelan zauden galdetzea, zutaz arduratzea”.

Hobetu beharrekoa
Aurrera begira, “azken minutuetako kontzentrazioa da hobetu beharreko alderdi bat”. Hainbat puntuk ihes egin diete azken txanpan. Alavesek 93. minutuan berdindu zien partidua, Portugaletek azken zazpi minutuetan jan zien gol biko aldea, eta Bermeok 85.ean sartu zuen garaipenaren gola.

Azken partiduetan joera hori aldatzen dabiltza; atzetik hasi eta irabazi egin dituzte. Zapatuan, 17:15ean, Baskonia hartuko dute etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!