“Marrazoekin nagoen moduan ez nintzateke egongo lehoi edo tigre bategaz”

Aitziber Basauri 2016ko urr. 19a, 09:26

Patxi Vidal Landaribar

Mutrikun urpekaritza ikastaroa bukatuta, astebetera, Itsas Gorrian (Egipto) murgildu zen Patxi Vidal (Ondarroa, 1972).  Bidaia “zoragarri” hartatik 18 urte dira. Urpean igeri egiteko zaletasuna argazkigintzagaz uztartu zuela, aldiz, hamar urtetik gora dira. Indonesian, Japonian, Filipinetan, Malaysian zein Maldivetan  ibilia da, eta, Galapagoak eta Papua ezagutu gura lituzke. Otxandioko eskolan gorputz hezkuntza irakasten du.

Urpean igeri egitea eta argazkigintza. Bi zaletasun uztartzea lortu duzu.
Urpekaritza ikastaroa amaitu eta Itsas Gorrira joan ginen Maitena emaztea eta biok. Aurreneko bidaia izan zen. Urpean argazkiak ateratzeko kamera digitala eta uretarako karkasa Singapurren erosi nituen, 2005ean. Ordukoak dira lehenengo argazkiak. Oraingo reflex-a 2011n erosi nuen. Hori bai dela amaitzen ez den zuloa: kamera, objektiboa, urperko karkasa, argia emateko frontala, flash-a... (barrez). 20-40 metroko sakoneran ibiltzen gara gu, eta urpean 5-6 metrora kolorea desagertu egiten da.

Zaletasun garestiak dira...  
Oso garestia!

Hainbat tokitan ibili zara.
Bai. Japonian ere bizi izan gara, eta Okinawuako irla batzuetara eta Balira joaten ginen handik. Indikoan ere egon gara: Filipinak, Maldivak, Indonesiako hainbat irla, Malaysia... Maltan eta Egiptoko mediterraneoan ere ibili naiz.

Leku bat aukeratuko zenuke?
Ikusita zein bionaiztasun eta aukera dauden, Sipadan irla (Malaysia). Oso leku berezia da.

Nora joan gura zenuke?
Galapagoetara. Baina, oso-oso garestia da. Papua ere zoragarria da. Kontua da zer ikusi gura den; sasoiak ere badu eragina. Dragoi arraina, adibidez, Australiako puntatxo batean baino ez dago, eta, marrazo zuria ikustera Mexikora doaz asko. Dena du Mexikok: karibea eta pazifikoa. Marrazo zuria ikustea, baina gure kostan. Horixe dut ametsa.

Zer du urpeak?
Zoragarria da, eta etengabe ari gara izorratzen. Lotsagarria.

Zenbat arrain  erretratatu dituzu?
1.000 bat... ez dakit! Exotikoenari ez diot atera oraindik: Indikoan dagoen Rinopia frondosa. Zoragarria da. Askotan joan naiz haren bila, eta ez dut topatu. Kontua da, behin aurkituta, erreza dela eramatea, eta akuarioetan dirutza ordaintzen dute. Egon badaude, baina, beti dago norbait hartzeko prest, gero saltzeko.

Hor atzean ezagutzen ez dugun mundua dago...
Bai. Adibidez, Buscando a Nemo filmak kalte itzela egin zion pailazo arrainari. Denek gura zuten halako bat etxean. Ia ezinezkoa da pailazo arraina anemonarik gabe ikustea, baina, Txinan, lortu dute anemonarik gabe egotea. Saldu egiten dituzte gero. Hala ere,  euren portaera ez da naturala. Marrazoari ere kalte handia egin dio zinemak. Urtean 100 milioi hiltzen dituzte.

Marrazoekin ibili zara?
Balin ikusi nuen lehena, kumea. Gerora, Bahametan izan dut euren artean egoteko aukera. Marrazoz beteta dago, eta propio antolatzen dira bidaiak; Miamitik joan ginen. Marrazoak erakartzeko, arrain zatiak dituzten kutxak erabiltzen dituzte. Zain egoten dira, bueltaka, eta gu ere hortxe. Espezie piloa ikusten da. Une nahiko beldurgarria bizi izan genuen, gidari batek zezen-marrazo bati jaten eman zionekoa: 20 metrotik gorako sakoneran, bat-batean agertzen ziren harea altxatuz... ez zen ezer ikusten.

Sustorik izan duzu?
Ez! Normalean joan egiten dira. Bitxiak dira. Zer zaren jakiteko era bakarra dute: haginka egitea. Eta uste zutena ez zarela konturatzean, askatu eta badoaz... Dena den, marrazoekin nagoen moduan ez nintzateke egongo lehoi edo tigre bategaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!