112 taldek parte hartu dute aurtengo marmitako txapelketan. Landako Gunea bete egin da. Ainhoa Ciarsolo eta Rober Gallastegi durangarrek eta Javier Santamaria trapagarandarrak osatutakoa izan da talde irabazlea (200 euro, garaikurra eta txapelak). Parte hartzen zuten lehenengo aldia izan da. "Javierrek Tabirako jaietako marmitako txapelketan oso giro ona sortzen zela eta, San Fausto jaietakoan parte hartu beharko genukeela proposatu zuen eta horregatik parte hartu dugu". Marmitakoa onena prestatzeko "nire amaren gomendioak jarraitu ditugu, oso sukaldari ona delako; bere asesoramendua izan dugu", aitortu du. Txaro Derteano da bera. Txaroren esperientzia eta guzti ere txapelketa irabaztea sorpresa izan da: "Geuk ere ez dugu sinesten oraindik!".
Bigarren saria Eva Madrazok eta Juan Manuel Eguiak irabazi dute (150 euro) eta hirugarrena Jose Manuel Alonsok eta Iñigo Santocildes-ek (100 euro).