Eurak izango dira San Fausto jaietako txupinazo txikia botatzeko arduradunak. “Itzela da guretzat txupinazo txikia bota ahal izatea. Durangok, orokorrean, beti erantzun du era harrigarrian, baina udal batek aukera hori ematean, instituzioen alde gizatiarra ikusten da, sarritan galtzen dena”. Hiru umek botako dute txupinazoa; batek tratamendua pasatuta dauka, eta beste bi horretan daude. Arrazoi argi bategaz utziko dute zeregina umeen esku, Del Amoren arabera: “Gure helburuetako bat haur-minbizia bistaratzea da. Batzuetan uste dugu ez dela gugandik hur gertatzen. Baina, zoritxarrez, minbizidun haurrak alboko kalean eduki ditzakegu, alboko atarian, edo geure etxean bertan”.
Hezur muinaren donazioa sustatzeaz gainera, Gurutzetako ospitalean garatzen dabiltzan ikerketetan laguntzeko asmoz, dirua lortzeko kanpaina betean daude elkartekoak. Alde batetik, eskumuturrekoak eta kordelak saltzen dituzte, 5 eurotan, eta bestetik, Fito abeslariaren Harleyagaz errifa egiten dabiltza, txartelak 2 eurotan salduta.
“Konplizitate keinua”
Txupinazo txikiaren egunean ere, domekan, material hori saltzen ibiliko dira Durangon. Eta ez diruagatik bakarrik: “Minbizia duen loba, seme edo biloba bat daukazunean, eta norbait eskumuturrekoa edo sokak ipinita ikustean, konplizitate keinu garrantzitsu bat da”.