Durangoko jaiak 2016

“Haur-minbizia bistaratzea da gure helbururik nagusietakoa”

Anboto 2016ko urr. 14a, 12:30

Susana Del Amogaz La Cuadri del Hospiren inguruan berba egiterakoan, solaskideari irribarretxo bat aterako zaio aurpegian, eta, aldi berean, begiak lausotu ere bai. Minbiziagaz hil zitzaion umea orain urte bi, 6 urte zituela. Del Amok haur minbiziaren aurka borrokatzen jarraitu du, eta Gurutzetako ospitalean gaitz hori duten umeen gurasoekin batera dabil, La Cuadri del Hospigaz.

Eurak izango dira San Fausto jaietako txupinazo txikia botatzeko arduradunak. “Itzela da guretzat txupinazo txikia bota ahal izatea. Durangok, orokorrean, beti erantzun du era harrigarrian, baina udal batek aukera hori ematean, instituzioen alde gizatiarra ikusten da, sarritan galtzen dena”. Hiru umek botako dute txupinazoa; batek tratamendua pasatuta dauka, eta beste bi horretan daude. Arrazoi argi bategaz utziko dute zeregina umeen esku, Del Amoren arabera: “Gure helburuetako bat haur-minbizia bistaratzea da. Batzuetan uste dugu ez dela gugandik hur gertatzen. Baina, zoritxarrez, minbizidun haurrak alboko kalean eduki ditzakegu, alboko atarian, edo geure etxean bertan”.

Hezur muinaren donazioa sustatzeaz gainera, Gurutzetako ospitalean garatzen dabiltzan ikerketetan laguntzeko asmoz, dirua lortzeko kanpaina betean daude elkartekoak. Alde batetik, eskumuturrekoak eta kordelak saltzen dituzte, 5 eurotan, eta bestetik, Fito abeslariaren Harleyagaz errifa egiten dabiltza, txartelak 2 eurotan salduta.

“Konplizitate keinua”
Txupinazo txikiaren egunean ere, domekan, material hori saltzen ibiliko dira Durangon. Eta ez diruagatik bakarrik: “Minbizia duen loba, seme edo biloba bat daukazunean, eta norbait eskumuturrekoa edo sokak ipinita ikustean, konplizitate keinu garrantzitsu bat da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!