Durangoko jaiak 2016

Umeak eta gazteak izango dira protagonista lehen asteburuan murgilduko diren sanfaustoetan

Anboto 2016ko urr. 14a, 11:30

Durangon jai usaina dago martitzenaz geroztik. Izan ere, Txosnagunean martitzenean jaurti zuten txupinazoa, eta udaletxean eguaztenean. Atzo ospatu zuten herriko jai egun handia, eta jende ugari batu zen artopilen banaketan zein paella lehiaketan. Oraindik hasi baino ez dira egin jaiak, eta umeak eta gazteak protagonista izango dira lehen asteburuan murgilduko diren San Fausto jaietan.

Biharko, Gazte Eguna antolatu dute txosnetan. 13:30ean kamiseta banaketa egingo dute, eta 14:30ean bazkaria. Azken urteetan, ehunka gazte batu izan dira bazkari horretan, eta bihar ere seguru giro itzela biziko dutela. Bazkalosterako, ekitaldia, olinpiadak eta elektrotxaranga iragarri dituzte.

Marmitakoa, 25. edizioan
Bestalde, bihar ere, ohiturazko marmitako txapelketa jokatuko da Landako Gunean, 10:00etan hasita. Txapelketaren 25. edizioa izango da aurtengoa, gainera.

Umeen egun berezia
Jaiak bereziak izaten dira umeentzat, baina oraindik eta bereziagoa izango da domekako eguna, Umeen Eguna baita. Ezkurdin haur parkea ipiniko dute, eta musika eskola inguruan beste hainbat jolas ere bai. Eguneko unerik hunkigarrienetako bat 12:30ean biziko da, La Cuadri Del Hospiko umeak, minbiziari aurre egiten dabiltzanak, udaletxera igotzen direnean txupinazo txikia botatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!