Minbiziaren kontrako borrokan lagunduko du Tabirakok bere izaera soziala indartuta

Anboto 2016ko urr. 13a, 13:00

Asteburuko partiduan bularreko minbizaren kontrako egunari keinu bat eginez hasiko dute bide hori

Tabirako saskibaloi klubak bere izaera soziala indartu du. Saskibaloiaren bidez, balore jakin batzuk zabaltzeaz gainera, herriari eta herritarrei beste era bateko ekarpena egiteko modua da. Minbiziaren kontrako borrokan lagunduz hasiko dute bide hori.

Urriaren 19an bularreko minbiziaren kontrako nazioarteko eguna da eta hori izango da klubaren lehen jomuga. Klubean emakumeek duten pisuagatik —eskola kiroleko 40 tadetik 30 neskenak dira, esaterako— hartu dute erabaki hori. Minbizi mota horri begirako kamiseta arrosak egin dituzte eta gizonen zein emakumeen talde nagusi biek zapatuko partiduen  —18:00etan eta 20:00etan—aurretik jantziko dituzte Landako kiroldegian. Baina “ez dugu irudi solidario horretara bakarrik mugatu gura”, dio Ina Mendibe presidenteak eta diru ekarpenak edo diru bilketak egitekoa asmoa ere badute. Horiek denak minbiziaren kontrako elkarteagaz berba egin eta adostu ostean abiatuko dituzte, baina, modu batera edo bestera, abenduaren 24an eta 31n atera ohi dituzten otzaren ekimena baliatuko dute arlo horretan laguntzen hasteko.

Tabirako Baqué talde nagusien aurkezpena

Asteon talde nagusi bien aurtengo argazki ofizialak atera zituzten Durango Gran Hotelen klubeko babesleen laguntzagaz. Tabirako Baquéko talde nagusiek igoera faseak jokatu zituzten iaz. Emakumeek lorpena errepikatzeko osagai guztiak dituzte aurten ere. Gizonetan, aldiz, duda gehiago dago. Jokalari garrantzitsuek taldea utzi dute, eta helburuak jartzeko oraindik goizegi dela uste du Tomas de Castro entrenatzaileak.

Iaz taldean pisu handia zuten lau jokalari falta zaizkie aurten. David Tudela, Imanol Oruemazaga eta Mikel Larrañaga titularrak ziren. Lehenengo biak EBA mailako Santurtzira joan dira, eta Larrañagak saskibaloia utzi du. Azken honen kasuan hutsunea nabariagoa izango da, urteetan taldeko kapitaina izan dela kontuan hartuta. Urko Zamakonak ere ez du jarraituko, eta “kantxa barruan zein handik kanpora pieza inportantea zen”, de Castroren esanetan. Joan direnen hutsunea “ordezkaezina” dela-eta, taldea “hankamotz” geratu dela onartzen du.

Testuinguru horretan, iazko lorpenak errepikatzea exijitu dakioke taldeari? “Exijitu, gehiago ere exijitu behar zaio”, uste du entrenatzaile durangarrak, baina, aldi berean, “argi eduki behar dugu nola gauden eta nortzuk garen, eta orain ezin dugu helburu zehatzik jarri; partiduz partidu joan behar dugu”. Bide horretan laguntzeko, junior taldetik Lorentzo Uriarte juniorra eta bigarren taldetik Txaber Gorrotxategi batu dituzte. Imanol Martinez ere bueltan da, iaz Galdakaon aritu ostean.

Tomas de Castrok bigarren etapa hasiko du gizonen talde nagusiko entrenatzaile karguan. Aurretik, zazpi urtez egona da. Orain urte bi utzi zuen kargua, eta aurten Iskander de Dios ordezkatuko du aulkian. 

Momentuz, hasiera ona eman diote denboraldiari. Joan zen asteburuan 74-79 irabazi zuten Deusto Loiolaren kantxan.

Emakumeak azken urteetako martxan

Tabirako Baquéko emakumeek asteburu honetan hasiko dute denboraldia. Hainbat urtez onenen artean borrokan dabilen taldeak maila horri eutsi gura dio aurten ere. Ikasketengatik Ainhoa Baquék —abendura arte— eta Gorane Urainek utzitako hutsuneak betetzeko, Aitziber Ardanzak eta Olatz Garitak junior taldetik nagusietarako saltoa eman dute. Oro har, iazko taldea mantendu dute. Horrela, “azken urteetako dinamikari eusten badiogu, goian ibili behar genuke”, uste du Jesus de Vicente entrenatzaileak.

Gainera, Ardanza eta Garita taldeko jokalaririk garaienetakoak dira. Horrek taldearen ahalmena indartu dezake erreboteak hartzeko. Hala ere, mailako talderik baxuenetakoa izaten jarraituko dute, eta urteroko “sufrimendurako” prest daude: “Aurkaria edozein dela ere, errebotean gehiago izango dira, eta horri aurre egiteko, defentsan oso intentsoak izan behar dugu, aurkariari ahalik eta gutxien jaurtitzen utziz eta kontraeraso arinak antolatuz”.

Emakumeen eta gizonen talde nagusien familia argazkia (Argazkia: Tabirako)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!