Duela 21 urtetik, 1995etik, Magdalena gozo-dendako Jero eta Pedro Maudo anaiek artopilak egiten dituzte, Durangoko Udalaren eskariz, San Fausto egunerako. Dagoeneko urriaren 13ra begira dauden arren, ANBOTOn egoteko tartea atera du Jerok.
Nondik dator artopilen tradizioa?
San Faustoko ermitan aurkitutako idazki batzuen arabera, 1765ean herriko baserritar batzuk artopilak egiten hasi omen ziren. Baina, urteak aurrera joan ahala, artopilen tradizioa galtzen joan zen, gerra zibilaren ostean Txomin Olalde gozogilea egiten hasi zen arte. 1995era arte Olaldek egin zituen artopilak.
Noiz hartu zenuten zuek testigua?
Guk 1995ean hartu genuen testigua. Txomin Olalde laguna genuen, eta berak errezeta pasatu, eta ia tradizioari jarraituko genion galdetu zigun. Eta, jakina, ezin genion ezezkorik eman horrelako erronka bati.
Beraz, orduz geroztik, Magdalena okindegiko langileek egiten dituzue?
Bai, Pedro anaiak eta biok hartu genuen testigua, eta, orduz geroztik, geuk egiten ditugu. Eta gure asmoa, aurrerantzean ere, familiako norbaitek edo langileren batek jarraitzea da.
Zein da horren preziatua den gozoaren sekretua?
Ez du sekretu berezirik. Osagaiak (azukrea, arrautzak, irina, gurina, fruta eta arto aleak) kantitate aproposean bota, puntua harrapatu eta maitasun osoz egitea da sekretua. Ez dute besterik behar. Egia da hasieratik hona artopilen errezeta asko moldatu dela, eta jateko samurragoa den zerbait bihurtzen joan dela.
Zuentzat zer suposatzen du San Fausto egunerako artopilak egitea?
Guretzat gauza handia da. 4.000 herritar ingururentzat egiten ditugu artopilak. Gainera, ekimen honegaz gure bizitokiko tradizioaren parte gara, eta hori guretzat deskribaezina da.
4.000 artopil inguru. Horiek guztiek egunetako lana eskatuko dute, ezta?
Bai, azken urteetan 3.800 bat egin ditugu, baina, bai, horiek guztiak ezin dira egun batetik bestera egin. Horrenbeste egiteko, pare bat hiru bat egun behar izaten ditugu, eta aurrez ere, probazko batzuk egiten ditugu.
San Fausto egunerako bakarrik egiten dituzue, ala urte guztian zehar saltzen dituzue?
Herriko jai bueltarako baino ez ditugu egiten, tradizioak horrela esaten du eta. San Fausto bueltan, dendan salgai jartzen ditugu. Baina, bestela, urte guztirako, artopilen antzerakoa den Mikeldia daukagu.
Mikeldia?
Bai, artopilaren antzerakoa da, baina, gure ukitu propioa dauka. Bagenekien artopilak xarma berezia zeukala, eta horren arrazoia, urtean sasoi konkretu batean bakarrik jaten zela zen. Hala ere, jendeak urte guztian eskatzen zizkigun artopilak, eta eskari horren aurrean, jendeari zerbait eskaini behar geniola uste genuen. Beraz, artopilari aldaketa batzuk egin, eta Mikeldia sortu genuen.
Artopila, Mikeldia, San Balendinen gozoak... Inguruko herrietako tradizioak hartu eta zeuen gozo bihurtzen dituzue?
Bai, hori da. Gure gozoen berezitasun bat horixe da, Durangaldean tradizio edo ikono diren monumentu horiek hartu, eta gure gozo bihurtzea.