Durangoko jaiak 2016

Gurutze Gorriko boluntarioek botatako txupinazoa izango da jaien abiapuntua

Anboto 2016ko urr. 11a, 13:00

Eneritz Bereikua, Estibaliz Camara, Goizalde Errasti, Jon Andoni Gaston eta Alexander Garcia Gurutze Gorriko boluntarioak.

Durangaldeko Gurutze Gorriak “sorpresaz eta pozik” hartu du aurten San Fausto jaietako txupinazoa botatzeko ardura. Pregoia, “oso astuna ez izatea espero dugu”, dio Eneritz Bereikua boluntarioak. Jaien harira, hedabideei elkarrizketak ematen ari dira egunotan. Aukera ezin hobea izaten ari da Gorutze Gorriak antolatzen dituen ekimenen berri emateko. 

Beti prest
Egunerokoan elkarteagaz 100 boluntariok dihardute. Bi postu dituzte, Durangon eta Zornotzan. Durangon alde soziala eta Zornotzan larrialdiak lantzen dituztela azaldu du Estibaliz Camarak. Bikote linguistikoak eta udalagaz batera abiatu duten Lagunkide programan hainbat boluntariok dihardute Durangon. Pertsona ezinduentzako furgoneta ere erabiltzen dute, pertsona hauek behar duten lekuetara garraiatzen. Beharrizana dutenentzat Europatik bidalitako janariaren banaketa ere egiten dute. Horrez gainera, Zornotzako mendi martxak eta kirol probak zaintzen dituzte. Erreskate talde bat ere badute mendian gertatzen diren istripuetarako. Anbulantziak eta kanpainako ospitalea ere badituzte beharrizana dagoen momentuetarako.

Aisialdian eragiten
Taldeak duen erronketako bat Gazteen Gurutze Gorria deritzon egitasmoa da. Aisialdian eragin guran, 40 gaztetxok eta 10 hezitzailek dihardute talde honetan. Hilean birritan batzen dira, Durangon.

Jon Andoni Gaston boluntarioa orain lau urte batu zen Gurutze Gorrira. “Lagun baten bidez hasi nintzen, eta gustura nago. Bigarren familia baten modukoa da”.  

Alexander Garcia lemoarra taldeko beteranoetako bat da. 1999an hasi zen Gurutze Gorrian boluntario legez. “Nire anaia nagusia anbulantzia gidatzen ikusten nuen, eta ni ere horretan sartu nintzen. Behin hemen sartuta, harrapatu egiten zaitu”, aitortu du, emozioz, Garciak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!