Urte eta erdi ere ez da pasatu Fundifeseko eraikin hutsa okupatu zenutenetik. Pozik zaudete?
K.S.: Balantzea positiboa dela esango nuke. Hasieran, motibazioa oso handia zen, eta gero, neguan, apur bat behera egin zuen, jendeak betebeharrak dituelako. Baina, uste dut, bagabiltzala gorantz egiten. Baditugu proiektuak eta badabiltza aurrera egiten pixkanaka. Pozik gaude.
Ze proiektu dituzue martxan?
A.A.: Artisten taldea, musikariena eta ateneoa.
K.S.: Ateneoak hainbat proiektu ditu, eta, horien artean, aldizkari literario bat egin guran dabiltza. Musikariek entsegurako leku bat atondu gura dute, eta jaietan errifa bat egingo dute dirua lortzeko. Artistek problematikak kaleratu gura dituzte sormenaren bidez.
Eraikina ze egoeran dago? Fundifeseko beharginen jabetzakoa da, ezta?
K.S.: Hasieran esan ziguten bertako beharginena dela, baina, antza denez, ez da guztiz horrela.
A.A.: Langileak berbaldi bat ematera etorri ziren, eta enteratu ginen ez dela hemengoena, Basaurikoena baizik. Oraindik epaiketetan dabiltzala esan ziguten. Gaztetxea fabrikako bulegoetan dago; beste espazioan kutsadura kendu beharra dago, eta ez dugu erabiltzen.
Denbora honetan zehar, zer ikasi duzue gaztetxeko esperientziagaz?
K.S.: Asko. Gauza asko egiten ditugu, eta elkarlanean jarduten ikasi dugu. Batzar batean eztabaidatu egin behar duzu, eta ideia bat eduki arren, arrazoia beste batek eduki dezakeela konturatzen zara. Proiektuagaz daukazun ilusioa jendeari helaraztea polita da.
A.A.: Autogestioaren bidez, gauzak aurrera eramateko beste bide bat ikasi dugu. Alternatiba bat sortu genezake espazio honetan.
Zuetako asko neskak zarete. Kasualitatea ote da? Naturaltasunez hartzen duzue?
A.A.: Egia da gaztetxeak nahiko maskulinoak izan direla, baina ez dugu lar hausnartu horren inguruan.
K.S.: Ez dakit. Igual Durangon neskak prestuago gaude horrelako proiektuak aurrera ateratzeko. Kasualitatea izan daiteke, baina kasualitate positibo bat.