"Ametsetan hainbat paradisu bisitatu genituen, eta egia bihurtu gura genituen"

Anboto 2016ko urr. 10a, 09:31
Mikel Aldekoa-Otalora (Durango, 1982) eta Janire Goiria (Gernika, 1983)

Mexikon harrapatu ditugu Mikel eta Janire. Geldi, indarrak batzen. Orain urte bi izan ziren bertan, eta bueltatzea erabaki dute. “Gure buruari denbora ematen ari gara, aurrerantzean etorriko diren abenturak amesteko”, diote. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, euren bizipenak zabaltzeko leihoa dute  
www.birakabi.wordpress.com bloga.

Bidaia honek oraindik denbora eramango dizue?
Ea hala den. Ez al da, ba, bizitza bera bidaia bat?

Hiru urte daramatzazue bidaian. Nola sartu zineten abentura honetan?
Nork esango zuen hiru urtez bizikletan ibili eta 30.000 km baino gehiago egingo genituela! Ez genuen hain bidaia luzea planifikatu. Gure ametsetan hainbat paradisu bisitatzen genituen, eta ametsok egia bihurtu gura genituen. Hasieran, ez genuen argi bizikletan egitea, aukera bat baino ez zen.

Amerika ezagutu gura duzue?
Biok genuen Amerikara joateko irrika, baita beste herrialde batzuk ezagutzeko ere, Asia esaterako. Baina, erabakia hartzean, Amerika izan zen helburua; agian, bere handitasunagatik, aberastasunagatik… Izan ere, bidaia prestatzen hasi aurretik, bidaiei buruzko liburuak irakurri eta dokumentalak, irrati eta telebista saio asko ikusi genituen. Halako batean, geure buruari galdetu genion: “Eta zergatik ez gu?”. Orduan, buru-belarri ekin genion. Gure helburua ez zen Amerika iparraldetik hegoaldera zeharkatzea, nahiz eta gure ametsen artean egon. Bizitzea eta ikastea izan da helburua, zerbait ezberdina egitea, egunerokoaren beste ikuspegi bat izatea.

Mundua ezagutzeko beste modu bat da zuena?
Bizikletan bidaiatzerakoan, paisaiak, kulturak eta pertsonak beste era batera ezagutzen dira. Inguruagaz sortzen den erlazioa askoz handiagoa da. Gainera, bidaiatzeko era merkea da, kanpatzeko eta jakiak prestatzeko beharrezko guztia eramanda, batez ere. Horrela, inoiz pentsatu ez genuen lekuetan lo egin dugu: glaziar alboan, basamortuan, hondartza xarmagarrietan …

Zer dela-eta bizikletan?
Askok galdetu digute gauza bera, eta gure erantzuna: zergatik ez? Guk gure egunerokotasunean erabiltzen genuen, lanera joateko, asteburuetan… Eroso sentitzen gara bizikletarekin, guk erabakitzen dugu noraino heldu, eta era ekologikoa da; bidaiatzeko era merkea ere bada. Gainera, eguna amaitzean, nekatuta egon arren, ondo sentitzen zara, bizirik, indartsu.

Oro har, nola hartu zaituztete?
Ederto! Gertatu zaigu herrialde askogatik txarto hitz egitea, batez ere inguruko beste herrialdeetan. Baina, gehienetan ezjakintasunagatik izan da. Esaterako, AEBetan askok ohartarazi ziguten Mexiko arriskutsua zela, eta hobe zela ez joatea. Baina,  bertan egonda — beti ere, kontuz eta egoeraz kontziente izanda— asko gozatu dugu, eta ez dugu hainbestetan nabaritu arrisku hori. Berdin Erdialdeko Amerikan, Kolonbian, Venezuelan...

Gutxigaz ezin hobeto bizi daitekeela erakutsi gura duzue?
Gizarte kontsumista batean bizi gara. Oro har, gauzak pilatzeko ohitura dugu, erosi eta botatzekoa, eta behar baino gehiago edukitzekoa. Premiazkoagaz bidaiatzen dugu guk, nahiz eta ‘badaezpada’, beti eraman beharrezkoak ez direnak. Justuarekin bizitzera ohitu gara, eta gauzak hobeto aintzat hartzen lagundu digu horrek;  aurrezten eta bidaia luzatzen ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!