Botoa eman zutenen %27k zure kartela aukeratu zuen. Zer uste duzu gustatu zitzaiela?
Durangoko gauza asko eta ezberdinak agertzen direla, eta beharbada, kartelak daukan aire alaia ere bai.
Kartelaren zer ezaugarrigaz zaude gusturen?
Emaitza orokorragaz. Modu soil batean, herriaren hainbat ikur eta identitate islatzea lortzeagaz. Hain zuzen, oso modan ez dauden balio handiko baloreak. Bestalde, kartelean agertzen diren naturari buruzko erreferentziak ere oso gustuko ditut: mendia, arbola, erreka. Naturak onura asko ekarri izan dizkigu, eta berari oso lotuta dagoen herria da gurea.
Patxikotxu, Pantxike eta Mikeldiko txerria ere agertzen dira kartelean. Zergatik aukeratu duzu jaietako elementu horiek sartzea?
Tradizioa eta modernitatea islatzea gura nuen, eta batez ere, herritarrek jaietan duten parte hartzea azpimarratu. Pantxike eta Patxikotxu gure jaietako maskotak dira. Bestalde, historia ez genuke ahaztu behar, eta hortik Mikeldiko txerriaren irudia: daukagun artelanik zaharrena izanik, idoloa Durangora ekartzea ere aldarrikatu gura dut. Ezkurdi berritu aurretik, gure belaunaldikoentzat umetako jolasen kokaleku ere bazen Mikeldiko txerria. Kartelean karakterizatu dudan bezala, bestalde, uste dut jaietako giroa ere erakusten duela.
Jai herrikoiak islatu gura zenituela esan zenuen kartelaren aurkezpenean. Zer ezaugarrik egiten dituzte Durangoko jaiak herrikoi?
Badaude hainbat ekitaldi durangar anonimoek eta elkarteek sortutakoak: erreka jaitsiera, pintura lehiaketa, txosnetako jokoak, edo koadrilen bazkaria, esaterako. Badaude beste hainbat ekitaldi, ikusle pasibo barik protagonista garenok herritarrok; txapelketa gastronomikoak, mozorro desfilea... Parte-hartzea bultzatzen duten jaietako ekitaldi horiek defendatuz, baina, ez dut esan gura herritarrok ikusle garen ekimen kulturalak sobera daudenik, inondik ere. Gozagarriak iruditzen zaizkit horrelako hainbat ekitaldi: su artifizialak edo zuzeneko musika emanaldiak...
Jaietako zer ekitaldi gustatzen zaizu gehien?
Kontzertuak, koadrilen bazkaria, mozorrotzea... Giroa da gehien gustatzen zaidana; lagun zaharrekin elkartu eta berriak egiteko aukera. Jaietan denok uzten dugu albo batera errutina, eta beste rol bat hartzeko irekiago egoten gara. Pena bakarra da jarrera horrek jaietan bakarrik irautea.
Aurrerantzean ere jarraituko duzu kartelak lehiaketara aukezten?
Kartel baten diseinu lana serio hartu dudan lehenengo aldia izan da, eta badirudi ez dela txarto joan. Lan handia izan da, eta uste dut datorren urtean beste batzuei tokatzen zaiela. Lanpostu finko eta eroso bat arte mundutik hurbilago dagoen beste batengatik utzi berri dut, eta diru-sarrerak izateko modu bat ere izan da kartel lehiaketako saria. Jarraituko dut aurkezten eta teknika hobetzen saiatzen.
Lehiaketako saria zertan inbertituko duzu?
Kartela egitean, nire ordenagailu zaharragaz borrokatu behar izan nuen, eta argi neukan saria zertarako erabiliko nuen! Hainbat proiektu dauzkat, eta oso erabilgarria izango da ordenagailu berri bat.