Durangoko jaiak 2016

Duatloiagaz gozatzeko gonbita egin du Mugarra Triatloi Taldeak

Anboto 2016ko urr. 7a, 11:00

Iazko duatloian ateratako argazkia.

Duatloizaleek urteroko hitzordua dute San Fausto jaietan. Mugarra Triatloi Taldeak dena prest du  11. aldia izango duen Duatloi Herrikoia jokatzeko. Urriaren 9an, domekan, izango da zita, Durangoko Santa Ana plazan.  Duatloia ezagutaraztea eta gaztetxoei kirol hori probatzeko aukera ematea du helburu jai-giroan egiten den lasterketa herrikoiak.

Herrigunean zehar, hainbat ibilbide antolatzen dituzte, adin tarteka banatuta, jai-giroa herriko txoko guztietara zabalduz. Izen-ematea Santa Ana plazan egin daiteke, egunean bertan, 09:00etatik aurrera, lasterketak hasi baino ordu laurden lehenagora arte; hiru euro da nagusientzat, eta euro bat 14 urtetik beherakoentzat.

Zortzi eta hamalau urte arteko neskato-mutikoentzako duatloia izango da lehenengoa. 10:30ean hasiko da. 600 metroko saio bi egingo dituzte korrika, Alde Zaharrean. Korrikaldi bien artean, Tabirako igerilekuetaraino eramango dituen hiru kilometroko beste saio bat osatu beharko dute, bizikletan.

Ondoren, 11:00etan, zazpi urtera arteko gaztetxoentzako ibilbidea hasiko dute: 600 metro korrika (300 metroko saio bi) Alde Zaharretik, eta kilometro bat bizikletan, Pinondo, Laubideta eta Santanostetik. Umeek gurasoekin batera egin dezakete.

Azkenik, 12:00etan, 15 urtetik gorakoen duatloiari ekingo diote. Korrikako sektorea (4km-koa bata eta 2km-koa bestea) Barrenkale, Komentukale, Antso Estegiz, Kalebarria eta Goienkaletik izango da. Bizikletako 13 kilometroko ibilbideak Santikurutzeko bidera eta Abadiñoko txaletetara eramango ditu parte-hartzaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!