Durangotik irten beharrak eraman zaitu Mexikora, ezta?
Bai. Mexikoko Karibean jatetxe-hotel batean aritu nintzen. Hondartza ahalik eta txukunen eta politen uztea zen nire lana, turista estatubatuar eta kanadiarrek ‘Oh! So amazing’ esan zezaten (barrez). Ederto egon nintzen. Kokatzeko eta lasai egoteko, hilabete hartu nuen Mahahualen. Gero, Belice gurutzatu eta Guatemalara heldu nintzen. Aitziber Areitio mañariarragaz egin nuen bat han.
Bidaia-laguna topatu zenuen?
Bai. Auto-stop eginez bidaiatu genuen biok Guatemalan zehar, hilabetean, motxila bizkarrean. Oso bidaia polita egin genuen. Gero, bera Mexikora joan zen, eta ni Tegucigalpan (Honduras) bizi den durangar bat bisitatzera. Astebete egin nuen han, eta, berriz Mexikora sartzeko, Honduras eta El Salvadorretik Guatemalaraino igo nintzen. Chiapasetik sartu, eta Mexiko zeharkatu nuen. Lau bat hile egin nituen, lagun bat Dallasera (AEB) lanera zihoala jakin nuen arte.
Eta haraxe joan zinen...
Astebete egin nuen han. Ondoren, 28-30 ordu egin nituen autobusean, Oklahomatik Arizonara, Mexiko Berria gurutzatuta. Osaba dut bertan. Azken bi asteak Los Angelesen egin nituen, txikitako lagun baten etxean. Santa Monikan egon nintzen: Pacific Blue totala!
Deskonektatzeko joan zinen. Bueltarako eguna lotuta?
Ez. Aukera guztiak zabalik joan nintzen.
Irailean bueltatu zara.
Bai. Bakarrik egotera, buruari buelta asko ematen dizkiozu: zer egin, ikasi ala lana topatu, etorri ala hilabete batzuk gehiago egin... Niretzat urtea, umeentzat lez, ikasturteagaz hasten denez, hemen nago.
Nolako esperientzia izan da?
Oso ona. Pertsonalki asko lagundu dit. Halako bidaietan, gauza txarrak pasatuta ere, ikasi egiten duzu horietatik. Negatibo berbak ez du lekurik halako bidaietan. Ezinezkoa da. Dena da positiboa. Pertsona lez asko hazten zara. Tableta txiki bat baino ez dut eraman. Beraz, guztiz deskonektatu dut.
Zer eraman zenuen motxilan, eta zer ekarri duzu bueltan?
Bidaiatzeko motxilaz gain, neurea ere eraman nuen, pertsonala, harri askogaz. Han, arropa asko bota eta oparitu dut, eta bidean harri asko utzi ere bai. Nirekiko beste lasaitasun bat ekarri dut. Neure burua maitatzeko gaitasuna asko landu dut han.
Drogomenpekotasun arloan lan egitetik urdaitegian aritzera pasatu zinen...
Drogomenpekotasun eta sexualitate teknikari gisa lan egiteak esperientzia pertsonal eta akademiko handia eman dit. Baina, lana etxera eramateak asko eragin zidan maila pertsonalean. Ez nekien hori kudeatzen. Aldaketa behar nuen, eta urdaitegiko lana etorri zen. Esperientzia ederra izan da, asko zaintzen ninduten, neu nintzen-eta gizon bakarra! (barrez).
Txutxumutxu ugari?
Bai! Eta neu ere kuxkuxerotxoa ere banaizenez... (barrez)
Erabaki drastikoak hartzekoa zara?
Ez. Alderantziz esango nuke nik. Baina, ez da lehen aldia halako bat-bateko erabakia hartzen dudana: psikologia ikasketak amaitu eta egun gutxira, Ekuadorren nengoen, GKE bategaz lanean. Peru eta Bolivia ere bisitatu nituen orduan.
Zer du Latinoamerikak?
Hizkuntza, eta bizitza pausatua. Norbere buruagaz egoteko momentu hori ematen dizu Latinoamerikak. Itzelak pasatuta ere, lasai daramate bizitza. Oso zabalak dira, eta jendeagaz komunikatzeko oso erraza da. Kulturalki asko erakartzen nau; eta indigenen munduak ere bai. Euskal hiztun moduan enpatia handia sentitu dut.