“Inaugurazioan hunkitu egin ziren asko: oroitzapen asko ekarri zizkien erakusketak”

Anboto 2016ko urr. 2a, 10:00

Virginia eta Marian Diaz Gorritik orain bi urte erreserbatu zuten Durangoko Museoa, asteotan ikusgai dagoen erakusketa atontzeko. Enrike Díaz Soldevilla (1935-2006) aitak Durango gaitzat hartuta egindako koadroak biltzen ditu artistaren heriotzaren hamargarren urteurrenean atondu duten erakusketak.

48 lan daude, urriaren 16ra arte, Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai. 1968an egindako Ezkurdiren irudi batetik edo 2001eko ‘Atardecer en Durango’ izenburuko koadrotik igarotzen den ibilaldia egitera gonbidatu gura dute ‘Solde’-ren alabek bisitaria. Erakusketaren komisario lanak egin dituen Marian Díezen ahotik ezagutu dugu aita margolaria eta haren obra.

Zer moduz joan zen pasadan zapatuko inaugurazio ekitaldia?
Oso ondo, aita ezagutu zuten hainbat lagun gonbidatu genituen. Izan ere, belaunaldi hartakoak, Solde eta garai hartako Durango ezagutu zutenak omendu gura izan ditugu erakusketagaz. Aitaren gaztetako lagunak eta Durangaldeko artisten elkartearen sorreran kide izan zituenak etorri ziren inauguraziora, eta hunkitu egin ziren asko: oroitzapen asko ekarri zizkien erakusketak.

Erakusketa honen kokaleku Durangok behar zuen derrigor.
Bai, beste inon ez litzateke berdina. Aita ito egiten zen Durangotik kanpo, hemen egoten zen gusturen. Bere margolanetan beste hainbat gai ere lantzen zituen, baina, erakusketa honetarako, Durango agertzen duten lanak aukeratu ditugu: aitak margotu zuen Durangon zehar paseatzea proposatu gura dugu. Lekuak ez ezik, sasoi hartako Durangoko hainbat pertsona ezagun ere agertzen dira koadroetan: Eusebi esne saltzailea edo Jose Bergara abade komunista, esaterako.

‘Solde’ oso pertsona ezaguna zen Durangon.
Bai, eta asko gustatzen zitzaion jendeagaz egotea —nahiz eta haserretu ere asko haserretzen zen batzuekin... Oso harreman berezia zeukan, bestalde, umeekin. Auzoko ume guztiak inguruan edukitzen zituen beti: harri bat erakutsi eta “zer ikusten duzu hemen?”galdetzen zigun, perretxikotara eramaten gintuen...

Zaila egin zaizu erakusketarako lanen aukeraketa egitea?
Ahizpak eta biok etxean ditugunetatik, Durango agertzen dutenak aukeratu ditugu. Etxean ahal bezala dauzkagu aitaren hainbat lan pilatuta, eta, erakusketarako, tratamendua egin behar izan diegu koadro batzuei. Pena handia da lan horiek, beste nonbaiten, behar bezala zainduta ez egotea.

Aita margolariaren zer oroitzapen duzu?
Umeen iritzia bakarrik hartzen zuela kontuan, adibidez. Beraiei bakarrik galdetzen zien: “Zer deritzozu koadro honi?”. Beraien ustezko ezjakintasunetik, umeak direla zintzoenak uste zuen. Gogoan dut jendeagaz elkartrukea ere egiten zuela: “Zuk arraina ekartzen didazu, eta nik koadro bat egingo dizut trukean...”.

Durangoko jende askok etxean ‘Solde’-ren lanen bat edukiko du, beraz?
Bai, pasadan zapatuan inauguraziora etorri zirenetariko askok horixe esan ziguten. Hainbat bilduma pribatu daude Durangon.

Zelan egiten zuen aitak lan? Kalean margotzen zuen?
Memoria fotografiko handia zeukan. Intxaurrondo auzoan, bizi ginen lekuan zeukan lonjan ibiltzen zen, baina ez zeukan estudio dei dezakegun horrelakorik.

Zelan uztartzen zuen tailerreko lana, sorkuntza eta familia?
Berak asmatu zuen lanaldi jarraia! (barrez). Oso ondo konpontzen zen. Tailerrean ere oso abila zen, eta denerako denbora ateratzen zuen.

Bizi zela, merezi zuen aintzatespena jaso zuen ‘Solde’-k artista gisa? Zer sentsazio zeukan berak horri dagokionez?
Ez zen batere ondo konpontzen ezarritako botereagaz. Hainbat proposamen jaso zituen, esaterako, arte-merkatari baten bitartez bere lanak saltzeko, baina sekula ez zuen onartu. Hori eginez gero, barruak eskatzen ziona barik, beste batzuek gura zutena marraztu beharko zuela uste zuen. Ez zituen gizartearen konbentzioak onartu gura. Aita posmodernoa geneukan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!